Bi milioi euroko laguntza-plan bat aurkeztu du Gasteizek

Erredakzioa 2021ko ots. 24a, 17:38
Alkateorde Maider Etxebarria eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazar. / GASTEIZKO UDALA

Udalak bi milioi euroko laguntza-plan bat jarri du martxan, krisiaren ondorioei aurre egiteko. Besteak beste, 600 euroko laguntzak aurreikusi dira arropa denda eta bidaia agentzietarako; eta ostalariek terrazak jartzeko laguntzak jasoko dituzte.

Gasteizko Udalak laguntza plan bat jarri du abian osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko. Programaren lehen faseak bi milioi euroko aurrekontua du, sostengu ekonomikoa eta pizgarri fiskalak kontuan hartuz. Urtean zehar neurri berriekin osatuko da plana, eta beste erakunde batzuek martxan jarritakoen osagarriak dira.

Besteak beste, gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak sortu dira bereziki kolpatutako bi sektorerentzat: ehungintzako merkataritzarentzat arropa-dendak eta zapata-dendak eta turismoarentzat bidaia-agentziak, biltzarren antolaketa eta gidariak.

Gainera, terrazen ekipamendurako diru laguntzak emango ditu Udalak lehen aldiz, ostalaritza sektorearen eskakizunari erantzuteko.

Enpresen arloan, berriz, ekonomia zirkularreko proiektuei laguntzeko lerro bat estreinatuko da.

Laguntza-lerro bakoitzaren epeak irekitzen direnean, Udalak horien berri emango du.

Merkataritza eta ostalaritza

Udalak 660.000 euro bideratuko ditu bi sektore horien defentsara, iazko aurrekontuan esleitutako zenbatekoa bikoiztuz. Hiru programatan banatuko da:

  • Hirian merkataritza enpresa txikiak eta ostalaritza establezimenduak ezartzeko eta modernizatzeko laguntzak: 300.000 euro.
  • Murgiltze digitalarekin lotutako diru laguntzak: 60.000 euro. Sareko merkataritzarekin, telelanarekin edo webgune korporatiboen egokitzapen edo garapenarekin lotutako ekipamendu eta software informatikorako inbertsioak ordaintzeko.
  • Ehungintzara bideratutako aparteko laguntzak: 300.000 euro. Arropa eta osagarrien denden eta zapata denden gastu arruntei aurre egiteko. Onuradunek zenbait betekizun bete beharko dituzte; besteak beste, lokalaren antzinatasuna eta plantillaren bolumena baloratuko dira. Laguntzak 600 eurokoak izango dira gutxienez, eta alokairu edo hipoteka gastuak zein autonomoen kuota ordaintzeko balioko dute, besteak beste.

Era berean, EAJ-PSE udal gobernuak berriki iragarri duen neurriaren arabera, 2021 urte osoko terraza eta zaborren tasen salbuespena izango dute hiriko taberna eta jatetxee; neurri horrek udal kontuetan 820.000 euroko eragina izango duela aurreikusi dute.

Enpresa-ehuna

Laguntza-planaren bigarren ardatzak tokiko enpresa-ehuna izango du helburu, eta lau neurri barne hartuko ditu:

  • 50 langile baino gutxiagoko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak: 140.000 euro. Bost urte arteko antzinatasuna duten negozioengatik eskatu ahal izango dira.
  • Ekintzaileentzako bekak: 84.000 euro, Gasteizen enpresa-ekimen bat bultzatzen ari diren pertsonentzat.
  • Ikus-entzunezkoen sektorerako laguntzak: 100.000 euro, zinema, telebista eta plataforma digitaletarako proiektuak, film laburren ekoizpena eta gidoien idazketa sustatzeko.
  • Ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko laguntza-ildo berria: 50.0000 euro.

Turismoaren sektorea

Hirugarren ardatzak iaz hasitako estrategia indartuko du, Gasteizen turismo produktuak sustatzen eta sortzen lan egiten duten autonomoen eta enpresen jarduera babesteko. 2021eko laguntza-programan 100.000 euroko aparteko laguntza berriak jasoko dira sektore horretarako. Lerro horren helburua da bidaia-agentzien, gidarien, kongresuen antolaketari lotutako enpresen eta hotel txikien gastu arrunta ordaintzen laguntzea.

Kasu honetan, gutxieneko zenbatekoa 600 eurokoa izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide