Garai hartako testigantza eta irudi errealen bidez, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean torturen ondorioz hildako Mikel Zabalza gaztearen desagerpena kontatzen du dokumentalak.
Zabalza 20 egunez desagertu zen, bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen arte, 1985eko abenduaren 15ean. Bertsio ofizialaren arabera, garai hartan 33 urte zituen gazteak ihes egin zuen Endarlatsako (Gipuzkoa) zulo bat miatzen ari zirela.
Aste honetan Publico hedabideak argitaratutako grabazio batzuek —dokumentalaren sortzaileen ikerketa lanaren emaitza— erakutsi dute askok bazekitena: bertsio ofiziala gezur handi bat izan zela.
Otsailaren 26an, estreinaldia
Izar Films ekoiztetxearen zein Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino zuzendarien sei urteko lanak eta 100 ordu baino gehiagoko grabazioak posible egin dute Non dago Mikel?, 80 minutu inguruko dokumentala. Gainera, material gehigarri utzi du dokumentalaren ekoizpenak, eta Galdutako Objektuak webseriearen bidez argitaratzen ari dira.
Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailean, eta orain zinema aretoetan ikusteko unea iritsi da. Ostiral honetan, otsailaren 26an, Euskal Herriko, Kataluniako zein Espainiako estatuko hamahiru aretotan estreinatuko da; tartean, Gasteizko Florida Zinemetan, egunero 17:00etan eta 19:40an. Martxotik aurrera, beste hainbat aretotan pase bereziak antolatuko dituzte.
