Ibaia handitzeko proiektuak landa-ingurunea mehatxatzen duela salatu du Equok

Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 14:00
Entrenamendu bat Ibaiako Jose Luis Compañon Kirol Hirian. / ULMA

Equo Berdeak taldeak alegazio sorta bat erregistratu du Ibaia handitzeko proiektuaren aurka. Alderdi berdearen ustez, proiektua kontraesanean dago landa-ingurunea babesteko helburuekin eta nekazaritzako elikagaien estrategiarekin.

Alavesen proiektuak Ibaiako lurrak birkalifikatzea aurreikusi du ekipamendu berria eraiki ahal izateko. Alderdi berdeak uste du horrek Gasteizko Udalaren bi estrategia urratzen dituela uste du: alde batetik, landa-ingurunea babesteko HAPOn jasotako helburuak; eta bestetik, nekazaritza elikagaien estrategia.

Une honetan, Kirol Hiria handitzeko proiektuari buruzko aurretiazko kontsulta publikoaren epea zabalik dago. Testuinguru horretan, Equo Berdeak taldeak alegazio-sorta bat erregistratu du proiektuaren aurka, eta erakundeei dei egin die, "beharrezkoa izanez gero, balio agroekologiko handiko lurzorua babesteko jarduketak aktiba ditzaten, Euskadiko Nekazaritza Politikari buruzko Legeak berak aurreikusten duen bezala".

Azaldu dutenez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak lehentasuna ematen die landa-eremuen identitatearekin bateragarriak diren jarduerei eusteari eta nekazaritza-paisaia tradizionala babesteari. "Lehentasuna nekazaritza-lur horiek kontserbatzea izan beharko litzateke", azpimarratu dute.

Bestalde, Equoren ustez, Alavesek proposatutako proiektuak ez ditu kontuan hartzen elikagaiak ekoizteko erabiltzen diren lurzoruak babesteko Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategian jasotako helburuak. "Nekazaritza lurren urbanizazioa mehatxu bat da etorkizunean elikagaiak ekoizteko", azaldu dute.

Gasteizko korridore ekologikoa

Azkenik, Equo Berdeakek gogorarazi du du eremua udalerriko korridore ekologikoetako batena dela. "Baso-uharte baten eta Gasteizko mendien arteko lotura da, babestu eta zaindu behar dugun faunarentzako funtsezko habitata. Ezin da ulertu Green Capital batek kontrako zentzuan jokatzea", kritikatu dute. "Birmoldaketa, planteatuta dagoen bezala, ez litzateke onartu behar Arabako hiriburuaren ibilbide berde luze eta emankorra inspiratu zuten printzipioek oraindik indarrean jarraitzen badute Gasteizko herritarrak ordezkatzen dituzten talde politiko guztientzat".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide