Gasteizko ostalari familia baten etxegabetzea bertan behera gelditu da

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 13:13
Ostalarien mobilizazio bat Eusko Legebiltzarraren aurrean. / ALEA

Bertan behera gelditu da 13:00etarako aurreikusita zegoen ostalari familia baten etxegabetzea. Gizarte zerbitzuen kalteberatasun-txostenaren ondorioz, hilabete luzatu da etxegabetzea gauzatzeko epea.

"Gasteizko eta Arabako Ostalaritza Elkartea eratzea erabaki genuenean, inor atzean ez uztea agindu genuen", azaldu dute premiazko ohar batean. "Gaur jaiki gara jakinda ostalari lankide bat etxetik botako dutela bere hiru seme-alabekin, ezarri dizkiguten itxieren eta murrizketen ondorioz ezin izan dutelako ordaindu".

Izan ere, bost hilabeteko ez-ordaintzeak pilatu dituzte, erakundeen diru laguntzak iritsi aurretik.

Etxegabetzea astelehen honetako 13:00etan aurreikusita zegoen, Dato kaleko 1. zenbakian. "Ezarritako murrizketa horiek eragin dituzten bidegabekerien aurka borrakatzera" eta etxegabetzeari "gaitzespena" adieraztera dei egin du Ostalarien Elkarteak. Horregatik, 12:30etik aurrera elkarretaratzea deitu dute bertan, lankidearen familiari babesa emateko. "Gaur bera da, bihar gutako edozein izan gaitezke", ohartarazi dute. "Gaia oso larria denez, ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen dugu".

Etxegabetzea bertan behera

Azken momentuan, etxegabetzea bertan behera gelditu da, gizarte zerbitzuen kalteberatasun-txosten baten ondorioz. Familiak etxebizitza hustu egin du txostenaren berri izan aurretik, baina auzitegiak hilabete luzatu du etxegabetzea gauzatzeko epea.

Hala ere, Javier izeneko ostalariak etxeko atarian eskainitako adierazpenetan ohartarazi duenez, jasotako diru laguntzak ez dira nahikoak izango pilatutako zorrari aurre egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide