Umorea, antzerkia, magia eta bakarrizketak Auzo Eszena programa berrian

Erredakzioa 2021ko ots. 18a, 12:36
Zortzi ikuskizun izango dira Auzo Eszena programaren denboraldi berrian. / AUZO ESZENA

Otsailaren 28tik maiatzaren 30era bitartean, Auzo Eszena programaren denboraldi berriak zortzi ikuskizun eskainiko ditu Gasteizko gizarte etxeetan. Sarrerak dagoeneko salgai daude gizarte etxeetan eta internet bidez.

Auzo Eszena programaren bitartez, Gasteizko talde ez-profesionalei aukera eman nahi zaie beren lanak jendaurrean aurkezteko. Halaber, gizarte etxeetako eszena espazioen aprobetxamendua areagotu nahi da, eta arte eszenikoak lantzen dituzten bertako taldeei lanak aurkezteko agertoki finko eta egonkorra eskaini.

Umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia musikalak eta abar izango dira otsailetik maiatzera bitartean, haur, familia, gazte zein helduentzat. Ikuskizunetako hiru Covid-19a dela eta bertan behera geratutako programaziotik berreskuratu dira. "Diru laguntzak, hitzarmenak eta Auzo Eszena bezalako programak mantendu ditugu, oso garrantzitsuak baitira gure hiriko konpainientzat", azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Egitaraua

Ikuskizunak igandetan eskainiko dira, 19:00etan hasita, Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Salburua eta Zabalgana gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan; ikuskizun guztiak gaztelaniaz izango dira denboraldi honetan:

  • Otsailak 28: Las Mil y Una konpainiaren Viajando a través de la música y la poesía ikuskizuna, Aldabe gizarte etxean.
  • Martxoak 14: Imperfeccionismo Mágico taldearen Cuatro micrófonos y algo más, Ariznabarreko gizarte etxean.
  • Martxoak 28: Artekoren Madre coraje y sus hijos, Arriagako gizarte etxean.
  • Apirilak 18: Los Criscípulos taldearen Furia, Salburuko gizarte etxean.
  • Maiatzak 9: Pánico Escénico taldearen Hasta los tacones, Zabalganeko gizarte etxean.
  • Maiatzak 16: Pro-ismoren txotxongiloen El zapateado más breve del mundo, Aldabeko gizarte etxean.
  • Maiatzak 23: Juango Monagoren Relatos Inesperados bakarrizketa, Araneko gizarte etxean.
  • Maiatzak 30: Sin Querer Teatro konpainiaren Compuesta y sin Mario antzezlana, Zabalganeko gizarte etxean.

Urritik abendura beste zortzi ikuskizun programatuko dira, Auzo Eszenaren hurrengo denboraldian.

Sarrerak salgai

Otsailaren 17tik salgai daude sarrerak, gizarte etxe zein kirol-instalazio guztietan pilotalekuetan izan ezik eta internetez, emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte. Sarreren prezioa 3 eta 5 euro bitartekoa izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide