Turkiak kurduen aurka egindako azken erasoaldi militarra salatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 09:30
Turkiaren azken erasoaldia salatzeko elkarretaratzea Gasteizen. / WOMEN DEFEND ROJAVA

Asteartean, Women Defend Rojava batzordeak deitutako elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Turkiak Garen egindako azken erasoaldia salatzeko. OEE Araba, Askapena, Errekaleor Bizirik eta Emakumeak Gerraren Aurka atxikitu dira.

Turkiar estatuaren faxismoaren aurka, elkartasuna herri kurduaren erresistentziarekin lelopean, Women Defend Rojava Gasteizko batzordea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Askapena, Errekaleor Bizirik eta Emakumeak Gerraren Aurka kalera atera dira astearte honetan, larrialdiko elkarretaratzea egiteko.

Izan ere, otsailaren 10eko goizaldean, Turkiako armadak eskala handiko mugaz gaindiko erasoaldi militar bat hasi zuen Gare eskualdean, Qandil mendien bihotzean dagoen eremuan, Hegoaldeko Kurdistanen, Irak iparraldean.

"Ez da Turkiako estatuak Qandil mendialdea airez erasotzen duen lehen aldia, baina Hego Kurdistango eskualdea okupatzea helburu duen lurreko lehen erasoaldia izan da", azaldu dute WDR batzordeko kideek.  "Erdogan presidente turkiarrak, AKP alderdiak eta MHP alderdi ultranazionalista turkiarrak babestuta, bere aktibo politiko guztia gerraren alde jarri du, Otomandar garaian izandako boterea berreskuratzeko nahian; estatuko krisi larria gainditzeko modu bat bezala ikusten du".

Bitartean, ohartarazi dutenez, preso politiko kurduek azaroaren 27an Turkiako kartzeletan hasitako gose grebak ere aurrera jarraitzen du. Protesta horren helburua Abdullah Ocalanen bakartzea salatu eta askatzea da.

Operazio militarraren porrota

Herriaren Defentsarako Indarrek (HPG) baieztatu dutenez, bost eguneko erasoen ostean, igande honetan, Turkiako estatua bere tropak Garetik erretiratzen hasi zen.

"Operazio militar honek porrot egin duen arren, erasoak sistematikoak dira, eta Erdoganen AKP mehatxu handia da eskualdean. Horregatik, Gareren aurkako erasoa, iraultza osoaren aurkako erasotzat eta mehatxu handitzat hartu behar genuke", azpimarratu dute elkarretaratzean.

Era berean, elkartasunerako deia zabaldu du Women Defend Rojava batzordeak: "Mugimendu internazionalistatik ekintzara pasatzeko eta Kurdistango gure kideak babesteko deia egiten dugu, bizitza askatasunaren aldeko borrokan uzten ari baitira. Euskal Herria Kurdistanekin bat!".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide