Zabalganarako tranbia Lovaina plazaren bidez erdialdearekin lotzea planteatu dute

Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 10:10
Gorka Urtaran Iñaki Arriolarekin bilduta proiektuaren egoera aztertzeko. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak eta Garraio Sailak berretsi egin dute tranbia Zabalganara zabaltzeko konpromisoa. Horretarako, trazadura hiriko erdialdearekin lotzeko alternatiba aztertu dute, Lovaina edo Antxo Jakitunaren geltokietatik, San Martin auzoa zeharkatuz.

Astelehen honetan, Gorka Urtaran alkatea eta Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburu Iñaki Arriola bildu dira tranbia proiektuaren egoera eta horrek Euskal Y-an dituen ondorioak aztertzeko. Bi erakundeek uste dute aurrera egin behar dela Gasteizen mugikortasun jasangarria bultzatuko duten eta Zabalgana auzoa biztanle gehien dituen auzoa hiriko gainerako auzoekin lotuko duten irtenbideetan.

Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egindako bileraren helburua tranbia Zabalgana auzora zabaltzearen eta trenbide-azpiegitura horren etorkizunaren inguruan egiten ari diren informazio-azterlanaren egoera aztertzea. Zentzu horretan, bi erakundeek berretsi egin dute beren "konpromiso irmoa". 

"Horri esker, Gasteizko hiri-kohesioa indartuko da eta mugikortasun jasangarria bultzatuko da hirian, auzoa lotuko baitu erdialdearekin eta ahalmen handiko beste garraiobide publiko batzuekin, baita tranbiaren gainerako lineekin eta Bus Elektriko Iraunkorrarekin ere", azaldu du Udalak, ohar bidez.

Trazadura proposamena

Sei kilometroko trazadura duen ibilbidea jendaurrean jarri da eta alegazio-fasean dago une honetan. Kilometro horietako batzuk Gasteizko igarobidean trena lurperatuta geratuko litzatekeen espaziotik doaz. Hala, ibilbide-proiektuak hamaika geraleku aurreikusi ditu, 120 milioi euroko aurrekontuarekin; elementu mugikorrak, obra zibila eta instalazioak barne.

Dena den, Euskal Trenbide Sareak (ETSk) egindako informazio-azterlanean beste trazadura posible batzuk aurreikusi dira, eta horiek ez lukete eraginik izango lurperatzeko epeei dagokienez. Bileran, bi erakundeek konpromisoa hartu dute aipatutako alternatibak aztertzeko.

Horien bidez, Zabalganako tranbiaren zabaltzea gainerako tranbia-sistemarekin eta Gasteizko erdialdearekin lotuko litzateke, Lovaina aukera probableena edo Antxo Jakitunaren geltokien inguruan, San Martin auzoa zeharkatuz.

2027rako martxan?

Lanak 2024an hasiko lirateke, Salburuko tranbiaren obrak gauzatu eta gero; eta AHTaren lurperatze-proiektuaren atzerapenaren menpe egon gabe.

Azterlanak hiru urteko epea aurreikusi du obra egiteko; betetzen bada, Zabalganarako tranbia 2027an jarriko litzateke martxan. Orain, inplikatutako hiru administrazioek Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Gasteizko Udala azpiegitura ordaintzeko akordioa bilatu beharko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide