Udaltzaingoko agenteek 26 urteko gizon bat atxilotu zuten asteartean, Zabalgana auzoan, genero indarkeria delituen ustezko egile gisa. Ustez, bere bikotekide ohiaren bizilekua bortxatu zuen —onarpenik gabe sartu baitzen—, eta emakumearen aurka indarkeria erabili eta kalteak eragin zituen.
Bertaratutako patruila batek egiaztatu zuen gizona sukaldean zegoela. Minutu batzuk lehenago, emakumea etxetik atera zela aprobetxatuz, etxean sartu zen, hari bortizkeriaz bultzada bat eman ostean. Biktimak berak udaltzainei azaldu zienez, harremana zuten bitartean hainbat eztabaida izan zituzten, baita erasoren bat ere; eta, egun batzuk lehenago, bikote ohiak kalteak eragin zituen etxebizitzako atean.
Horren guztiaren ondorioz, agenteek gizonezkoa atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.
Bi atxiloketa 24 ordutan
Hurrengo egunean, asteazkenean, Udaltzainek 46 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten Aranbizkarra auzoan, bere bikotekidearen alabaren aurkako mehatxu eta derrigortze delituen ustezko egilea izateagatik.
Kasu honetan, 092ra egindako dei batek poliziaren laguntza eskatu zuen, familiako eztabaida bat gertatu zelako. Patruila emakumearekin elkarrizketatu zen, eta bikotekideak oihu egin ziola eta alaba adingabeari eraso egingo ziola mehatxatu zuela kontatu zien. Bien bitartean, gainera, etxebizitzako altzariak indarkeriaz kolpatu eta kalteak eragin zituen.
Udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten eta ostegun honetan jarriko dute epailearen esku.
Itaiaren ekarretaratzea
Azken eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, ostegun honetan, 19:30ean Plaza Berrian, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean. "Erasoarekiko gure gaitzespena eta erasotuari babes osoa adierazi nahi dizkiegu", adierazi dute.