Eragiteko janzten

Eragiten hasteko, gakoen bila

Anakoz Amenabar 2021ko ots. 11a, 10:00

Besteak beste, Aiaraldea Ekintzen Faktoria aurkeztuko dute ziklo honetan. / Aiaraldea ataria

Gasteizko euskaltzaleentzako hausnarketa gune bat prestatu dute 'Eragiteko janzten' zikloarekin; lau saiotan, esperientziak, metodologiak, bizipenak, ikerketak eta gogoetak partekatuko dituzte.

Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortzea. Helburu horrekin antolatu dute Eragiteko janzten zikloa, otsailaren 23an abiatuko dena Oihaneder Euskararen Etxean. Esperientziak aurkeztu, horien inguruan hausnartu eta azken batean elkarrekin aberasteko gune bat. Lan horretan, Arabagara, Geu, Lazarraga, Alea eta Topagunearen eskutik, lau saio eskainiko dituzte protagonista desberdinen motibazio, ikuspegi eta bizipenak ezagutzeko.

Aldahitz ikerketa eta Ulerrizketa metodologia izango dira hizpide lehendabiziko saioan, hilaren 23an. Hainbat metodologia prestatu dituzte azken hamar urteotan zenbait komunikazio-egoeratan euskararen erabilera sustatzeko, eta horietako bat da Ulerrizketa, Pello Jauregi irakasle eta ikertzaileak aurkeztuko duena; besteak beste, belarriprest eta ahobizi kontzeptuen asmatzaile eta teorizatzailea ere bada Jauregi. 

Martxoaren 23an, berriz, Berrindartu eta jauzi txosten proposamena aurkeztuko dute Topalabe taldeko Jasone Mendizabalek eta Iñaki Martinez de Lunak. Horretan, hurrengo hamarkadetan euskararen erabileran jauzia lortze aldera eman beharko liratekeen pausoak irudikatu dituzte, lehentasunez jorratu beharko liratekeen esparruak identifikatu nahian.

Hirugarren saioa apirilaren 20an izango da. Tokian toki, hizkuntza-aktibazioa sustatzeko gakoak eta egin litekeen prozesua zeintzuk diren aurkeztuko dute Soziolinguistika klusterreko Maialen Iñarrak eta EHUko Parte Hartuz institutuko Zesar Martinezek. Gainera, Gasteizko Salburua auzoko Sarburu elkartea eta Abetxukuko euskara elkartearen kideek haien esperientzien berri emango dute; aukera egongo da auzo horietako aktibazio prozesuak ezagutzeko, eta saioaren lehen orduan aurkezturiko gakoekin alderatzeko. 

Azkenik, maiatzaren 25ean, Arabako esperientzia komunitarioen berri emango dute. Lautadako Euskararen Komunitatea aurkeztuko dute Oskar Garcia de Bikuñak eta Jon Ruiz de Pinedok, eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren berri emango du Gartzen Garaiok.  Esperientzia komunitario horien berri izan ondoren, proiektu horietatik har daitezkeen gako, irakaspen eta ereduen inguruko gogoetak partekatuko dira, Gasteizko euskararen komunitatea irudikatzearekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago