Labankadaz hildako gazte baten ustezko erasotzailea atxilotu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko ots. 10a, 19:32

Flandes kalea, San Kristobal auzoan, EHUren Arabako Campusaren ondoan. / ALEA

18 urteko gazte bat sastakatu eta larri zauritu dute Gasteizko San Kristobal auzoko Flandes kalean, eta 17:30ak aldera hil egin da Txagorritxu ospitalean. 19:30ean, Ertzaintzak 27 urteko ustezko erasotzailea atxilotu du.

16:00ak aldera, eztabaida baten testuinguruan, biktimari bularrean labankada bat eman ostean ihes egin du ustezko erasotzaileak.

Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, eta biktima egonkortu ostean, Txagorritxu ospitalera eraman dute. Bere egoera oso larria zen, arma zuriak birika bat zulatu baitio. Azkenean, 17:30ak aldera, gaztea hil egin da.

Ertzaintza eta Udaltzaingoa hilketaren ustezko egilearen bila izan dira. Azkenik, 19:30ean, Ertzaintzak identifikatu eta atxilotu egin du Nieves Cano kaleko etxebizitza batean, lekukoek emandako informazioan oinarrituta.

Ikerketa zabalik dago oraindik, gaztearen heriotza eragin duen erasoaren nondik norakoak argitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago