Hamabost gazte deitu dituzte deklaratzera 2019ko urrian trenbidea mozteagatik

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 12:09
Dozenaka gaztek Gasteizko trenbidea moztu dute 2019ko urrian. / Argazkia: @ErnaiGasteiz

2019ko urrian, hainbat gaztek Gasteizko trenbidea moztu zuten, Katalunia eta Altsasuko epaiak salatzeko. Ertzaintzak 21 lagun atxilotu zituen, baina auzia artxibatu zen. Orain, ordea, epaitegi batek horietako hamabost deitu ditu deklaratzera.

Duela hamasei hilabete inguru, 2019ko urrian, Ernai gazte antolakundeak desobedientzia ekintza bat antolatu zuen Gasteizen: dozenaka gaztek trenbidea moztu zuten, Gazteok independentzia zioen pankarta batekin, Altsasuko gazteen zein Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiak salatzeko.

Egun hartan, Ertzaintzak 21 gazte atxilotu zituen protestan, baina epaileak auzia artxibatu zuen berehala. Orain, urtebete eta lau hilabete beranduago, Fiskaltzak helegitea jartzea erabaki du, Ertzaintzak irudi berriak froga gisa aurkeztu ostean. Ondorioz, adin nagusiko guztiak —guztira, hamabost gazte— deklaratzera deitu ditu Gasteizko epaitegi batek, Hala Bedi hedabideak argitaratu duenez.

Hamabost gazte horiek otsailaren 18an eta 25ean deklaratu beharko dute Arabako Probintzia Auzitegian, trenbideak okupatzeagatik ikertu gisa. Bitartean, adingabeak diren beste sei atxilotuek beste prozedura bat dute irekita; kasu honetan adingabeen Fiskaltzaren eskutik.

Elkartasun kanpaina

Hala Bedik azaldu duenez, balizko epaiketari aurre egiteko sortutako Ernai Gazte Errailak dinamikak kanpaina solidario bat jarriko du martxan datozen egunetan, prozesuaren "gastu ekonomiko, juridiko eta politikoei aurre egiteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide