Katinka Bock, Txaro Arrazola eta Mariana Castillo, Artiumen

Erredakzioa 2021ko ots. 7a, 10:00
Mariana Castillo Deball udazkenean izango da museoan. ARTIUM

Museoak aldi baterako programan jasoko dituen erakusketen artean emakume artistak izango dira protagonista. Zinemari eta mugimendua duen irudiari buruzko zikloa ere aurkeztu dute.

Juncal Ballestinen Bizitza ariketa gisa lanarekin inauguratu du Artium museoak aurtengo erakusketa programa. Hurrengo hilabeteetan emakume artista gehiago hartuko ditu Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, bere lan-ildo nagusiak garatzen dituzten banakako eta taldeko erakusketen programan ardatz izango baitira emakumezkoen obrak.

Hartara, martxoan Katinka Bock artista alemanaren erakusketa monografikoa aurkeztuko dute. Albaola euskal itsas-faktoriak parte hartu du erakustaldi horren ekoizpenean. Maiatzean, berriz, Xabier Salaberria artistaren erakusketa irekiko dute erakusketa-gailuen eraikuntzari eta arkitekturari buruzko gogoeta egiten duen lan batekin.

Udazkenera begira, 2021eko erakusketa monografikoen zikloa itxiko duten erakusketak Txaro Arrazola gasteiztarrari eta Mariana Castillo Deballi eskainiko zaizkie, azken hau Alemaniako Museum für Gegenwartskunst Siegen-ekin eta Mexikoko Arte Garaikidearen Unibertsitate Museoarekin elkarlanean.

Bestalde, udaberrian erakusketa-ziklo berri bat jarriko da abian, praktika artistikoak eta hizkuntza filmikoak uztartuz: Z (zinema) aretoan, Museoko erakusketa gunean prestatutako espazio berrian, mugimendua duen irudiarekin lan egiten duten zinemagile eta artisten proiekzioak aurkeztuko dira. Bertan nazioarteko egile ezagunen filmak programatuko dira: Patricia Esquivias, Eroc Baudelaire edo Rosalind Nashabibi. Halaber, Z aretoan Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileen arteko lankidetzatik sortutako pieza berri bat estreinatuko dute.

Barruko plaza berpizteko saioa

Uztailean, Plazaratu programaren ibilbide publikoa aurkeztuko dute. Artiumek sustatutako ekimena da, erabilerak birpentsatu eta museoaren barruko plaza aktibatzeko eta ingurunearekin lotzeko. Programa hori udako hilabeteetan Antonio Ballester Morenoren Autoconstrucción. Piezas sueltas. Juego y experiencia erakusketarekin lotuko da.

Azaroan, berriz, ikerketa eta erakusketa proiektu berri batek hartuko du haren lekua, hirurogeiko hamarkadaz geroztik Euskal Herrian artearen transmisioarekin lotutako hezkuntza eta praktika esperimentalei eskainia.

Feminismoan sakontzeko urratsa

Artiumen funts propioek okupatzen dituzten espazioei dagokionez, martxoan hasiko da Zeru bat bildumaren erakusketarekin lotutako funtsen lehenbiziko berrikuspena. Egungo erakusketaren barruan, ibilbide berri bat proposatuko du museoak –Bigarren bidea–, erakusketaren kronologiaren lehen hamarkadetan feminismoak taxututako eztabaidei eta artearen praktikei euskal artistek egindako ekarpenetan sakontzeko.

Emakume artistak Artiumen bilduman sartzea eta ondare publikoa kontserbatzea eta ikertzea dira, besteak beste, Bigarren bideak lantzen duen erakundearen proiektuaren ardatz nagusiak, museoak berriki erosi dituen euskal artisten funtsezko lanak sartzen baititu bere ibilbideetan. Esparru horretan, aipatzekoak dira ere apirilean egingo den Ikuspegi feministak ekoizpen artistikoetan eta artearen teorietan ikastaroa, eta Hasieratik. Zinema feministaren historiak zinema-zikloa, Tabakalera KGNZrekin elkarlanean antolatua.

Udazkenean Zeru Bat erakusketaren inguruko bigarren berrikuspena egingo dute; kasu honetan, Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoan gordeta dauden bilduma publikoetatik eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Gure Artea saritik datozen lanen sorta izango dira protagonistak.

Bestetik, Gerardo Armesto artistaren 80. hamarkadako ikus-entzunezko ekoizpenari eskainitako proiektuak eta Felix Gonzalez Placer artistaren gordailuak ere izango dira, baita Artiumen funtsetan berriki sartutako artelanak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide