Gasteiz udalerriko Miñaogutxi kontzejuan dagoen Arabako Teknologia Parkeak 1.911 hektarea ditu eta EAEko parkerik handiena da. Nekazaritza lurrak inguratutako oasi teknologiko horretan berdeguneak eta eraikin futuristak gurutzatzen dira.
Parkearen abangoardiako eraikinak ezagutzeko aukera ekologikoena ibilketa nordikorako egokiturik dauden ibilbideak erabiltzea da. Lau txango egin daitezke bertan: Albert Einstein (3,5 kilometro) Niels Bohr (5 kilometro), Marie Curie (6 kilometro) eta Lumier Anaiak (9,3 kilometro). Gainera, parkea zeharkatzen duen errepidearen albo banatan bidegorriak ere badaude.
Errekak eta lorategiak
Rejalzas eta Erretana errekek sortzen dituzten baltsek eta inguru horretan bizi diren ahateek ikutu berezia ematen diote parkeari; eta Juan de la Cierva etorbide nagusian dauden atseden hartzeko mahaiek eta lorategiak ingurune futurista naturaren lasaitasunarekin lotzen dute.
Parkearen ikurra, ordea, bertako eraikin ikusgarriak dira. 2011. urtean inauguratu zuten parkearen sinbolo nagusia, E8 eraikina, geroago Jocelyn Bell izendatu zutena. Juan Coll-Barreuk eta Daniel Gutierrez de Zarzak diseinatu zuten. Bi bolumen ditu, eta hamahiru mila metro koadro guztira. Bi gorputz horien geometriak mendi-magalera ematen du. Eraikinak kristaldun azal bikoitza du eta kanpoko fatxada hautsia du. Zeruaren, zuhaitzen eta mendien koloreak modu pribilegiatuan islatzen ditu eraikinak, eta ingurune naturalari egindako omenaldi nabarmena da.
Mari Curie, gorri eta beltz
Epsilon-Euskadik 2012. urtera arte okupatu zuen E9-Marie Curie eraikina ere parkeko ikusgarrien artean dago. Kanpoaldetik, kutxa beltz bat da, ertz biribilduak dituena, karbono-zuntza gogorarazten duen testura batez amaitua, karrozeriak eraikitzeko erabiltzen dena. Fatxada beltzaren gainean, leihoetako tiradera gorrien aldean altzairu herdoilgaitzezko hodi batzuk ditu. Diseinu aerodinamikoa trinkoa da, makina handi eta misteriotsu bat bezalakoa; fatxadan hutsune gutxi ditu, baina barruan argi naturala nagusitzen da.
Barruan, oraindik ere, garaiko haize-tunel berritzaileenetako bat dago, erabiltzeko zain, baita estatuko cromarik handiena ere. Filmaketetarako prestatutako gune horrek bederatzi metroko altuera du eta mila metro koadroko azalera. Errementari filmatzeko sortu zen, eta iragarki ugari grabatu dira bertan. Teknologia Parkeak, gainera, fikziozko guneak dituzten hainbat espazio futurista ditu.
Horien artean, 2011n Idom ingeniaritzak diseinatu eta gauzatu zuen CIC EnergiGuneren eraikina dago. 4.500 metro koadroko azalera du, bi modulutan banatuta. A eraikinean biltegiratze elektrokimikoko jarduerak daude, eta B eraikinean, berriz, biltegiratze termikoko jarduerak. Altzairu herdoilgaitzezko panel tolestuekin, koloretan tindatutako polikarbonatoz eta kristalez osatuta dagoen aparteko azpiegitura horrek Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren arkitektura-sari bat ere jaso du.
Metal distiratsuak eta kristal zeharrargiak nagusitzen diren parkean, E7-Rosalind Franklin beirazko eraikin berdearen koloreak eta kuboak nabarmentzen dira, Del Valle Aguayo enpresaren pabiloi gorria, eta Liof Pharmaren orban lilak.