Udaltzain euskaldunak bereizgarri batekin identifikatuko dira Gasteizen

Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 20:15

Gasteizko udaltzain euskaldunak identifikatuko dituen bereizgarria. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udaltzaingoak hiritarrei arreta euskaraz ematea errazteko ekimena abiatu du. Besteak beste, uniformean jarritako bereizgarri batek euskaraz hitz egin dezaketen agenteak identifikatuko ditu.

Hiritarren Segurtasun Sailak Udaltzaingoak hiritarrei arreta euskaraz ematea errazteko kanpaina abiatu du. Udaltzain euskaldunak identifikatzeko uniformean jarritako bereizgarria izango da ekimenaren abiapuntua: hemendik aurrera, "euskaraz" hitza duen intsignia batek hala nahi duten eta beste pertsona batzuekin euskaraz hitz egiteko beharrezko ezagutzak dituzten udaltzainak identifikatuko ditu.

Ekimena Agirrelandako polizia-etxeko bulegoetan ere islatuko da. Bertan, udaltzainen mahaietan bi identifikatzaile mota izango dira: "Euskaraz. Nahi baduzu, baina poliki" edo "Euskaraz. Nahi baduzu".

Bide-hezkuntzako lehiaketa

Bestalde, Udaltzaingoak Gasteizko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzendutako Seguru bizi marrazki-lehiaketaren beste edizio bat jarriko du abian. Marrazkiak gai hauei buruzkoak izan beharko dira: bideko segurtasuna, oinezkoen mugimendua, bizikletaz egindako zirkulazioa edo ibilgailu bateko bidaiaria. Gainera, lelo bat edo azalpen esaldi bat jartzeko aukera egongo da.

Lanak ikastetxeetan aurkeztu beharko dira, otsailaren 5etik martxoaren 12ra bitartean.

28 sari egongo dira, eta hamabi marrazki onenekin 2022rako Udaltzaingoaren egutegia prestatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago