Gasteizko Udalak duela bi aste aurreratu zuenez, Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea eraikitzeko obrak hasi dira. Udal gobernuak proiektua bera eta 206.000 euroko inbertsioa onetsi zituen urtarrilaren 22an: egiturazko lanak gauzatzeko lau hilabeteko epea izango da; obra guztiak egikaritzeko, ordea, 18 hilabete.
Jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren jauregiko obrak Zikotz S.A enpresa esleipendunak egingo ditu, eta ostegun honetan hasi dira obra "potoloenak" egiten; lan horiek egitura, isolamendua eta beste moldaketa batzuk egitekoak dira. Horretarako, lau hilabeteko egikaritze-epea izango du. Guztira, 18 hilabeteko epea ezarri da obra guztiak egikaritzeko.
Jauregia eraberritzeko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da, eta Gasteizko Udalaren 206.018 euroko inbertsioa izango du.
#Gasteiz Antzokiko obrak hasi dira jada!
— Vitoria-Gasteiz! (@vitoriagasteiz) February 4, 2021
Ya han comenzado las obras del Gasteiz Antzokia! #Vitoriagasteiz pic.twitter.com/QHgZoYWVVK
Eraikineko lau solairu egokituko dira eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako zein lanerako espazio moldagarriak ere izango dira.
Zaharberritu ondoren, Ruiz de Bergaratarren jauregia "euskara maite eta gozatzen duten gasteiztar guztien etxea bihurtuko da, eta gure hizkuntzaren arnasgunea, hiriaren erdian", nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.
Aurreproiektutik, proiektua gauzatzera
Eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera Udalak landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia.
Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du aurreproiektuak. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro izango dituzte guztira, lau solairutan banatuta.
Espazio moldagarriak proposatu dituzte, kultur jarduerak, kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak egiteko. Gainera, taberna bat ere aurreikusi da.
Zikotz SA enpresa esleipendunak lan ezberdinak aurrera ateratzeko ardura izango du. Obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak.
Gasteiz Antzokia, elkartzeko gunea
Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztuko ditu higiezinaren konfigurazioak.
Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokia bigarren solairuarekin lotuta egon arren, funtsean lehen solairua hartuko du.
Gasteiz Antzokiko sarreran, 69 metro koadroko taberna bat egongo da, 10 metro karratuko sukaldea izango duena.
Ondoren, Antzokiaren areto nagusia egongo da: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuko altuerarekin. Espazio honek mota askotako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko du. Gehienez -zutik- 507 pertsonako aforoa izango du eta ez du agertokirik izango. Bestalde, antzerki emanaldietarako edo bestelako ekitaldietarako, 151 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da.
Eserita ikusteko kontzertuetan, 90 pertsonarentzako lekua egongo da. Halaber, jantoki gisa ere erabili ahal izango da, eta kasu horretan, 170 pertsonarentzako lekua izango du aretoak. Hala ere, agertokia bigarren solairutik ere ikusi ahal izango da. Guztira 353 metro koadro izango ditu beheko solairuak.
Euskararen Etxea, lanerako espazioa
Beheko solairuan egongo da Euskararen Etxearen sarbide naturala, Errementari kaletik.
192 metro koadroko azalera erabilgarria eta 127 pertsonarentzako lekua izango du guztira. Erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan. Gainera, proiekzio eta itzulpen kabinak, biltegiak, komunak eta aldagelak ere aurreikusi dira. Aipatu bezala, Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko "balkoitzat" erabili ahal izango dela azaldu dute.
Bigarren eta hirugarren solairuetara igotzeko eskailera eta igogailua egongo dira. 260 metro koadroko azalera erabilgarria izango du bigarren solairuak. Bertan lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira.
Azkenik, hirugarren solairua jauregiko leku argitsuena izango da, 269 metro karraturekin. Patio nagusia estaltzeaz gain, lanerako guneak ere izango dira bertan, izan ere, hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela egongo dira.