Hiru urte zurrumurruen kontra saretzen

Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 10:33

Zurrumurruen kontrako Agenteen Sareak urteroko bigarren topaketa. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Zurrumurruen kontrako Agenteen Sareak urteroko bigarren topaketa egin du larunbat honetan Europa Jauregian.

Duela hiru urte pasa sortu zen Gasteizko Zurrumurruen kontrako Agenteen Sarea. 205 pertsonak eta 43 entitatek parte hartzen dute sarean, inplikazio maila ezberdinekin.

2020an emandako pausoak aztertu, urte berrirako estrategia landu eta sarea osatzen dutenen inplikazioa eta lana aitortzeko balio izan du larunbat honetan Ixiar Garcia artista eta kultura bitartekariak dinamizatutako ekitaldian.

Gasteizko Udalak sustatzen du Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategia, hainbat pertsona, entitate eta erakunderekiko lankidetzan, Bizikidetza eta Aniztasun Plana abiapuntutzat hartuta, beste ekintza batzuekin batera. Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa bertan izan dira, sarearen lana eskertzeko. "Gasteiz hobea, inklusiboagoa, irekiagoa eta arduratsuagoa" eraikitzen ari direla azpimarratu du alkateak.

Zurrumurruen kontrako Estrategia

2017an eman zituen lehen pausoak Gasteizko Zurrumurruen kontrako Estrategiak, eta ordutik hona bide luzea egin du. Mugarri garrantzitsuenetako bat Pilar-Iparralde, Salburua eta Araneko taldeen sorrera izan da; eta, ondoren, adinekoen taldearen sorrera edo Gasteizko gazteekiko lankidetza, besteak beste. Gainera, agenteen sareak ekintza ugari antolatu ditu.

Geroztik, oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza aurreratua eskaini zaie herritarrei arreta ematen dieten eta haientzako programazioak kudeatzen dituzten udal langileei, eta baita alor guztietako elkarteetako kideei eta estrategiaren agente gisa jardutea erabakitzen duten herritarrei ere.

Halaber, Gasteizko Udala ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskal Sarearen kide da. Agenteen sare mistoa da ZAS!, eta administrazioek (udalak, aldundiak, EHU eta Eusko Jaurlaritza, besteak beste) zein era guztietako gizarte entitateek hartzen dute parte.

Udalak Zurrumurruen kontrako Estrategiaz informatzera gonbidatu ditu herritarrak, eta, nahi izanez gero, hiriko agenteen sareetan sartzera. Zurrumurruen Aurkako Sarearen webgunean, formulario bat dago eskuragarri 2019ko uztailetik, estrategian parte hartu nahi duen pertsona edo entitate orok erraz eta azkar bat egiterik izan dezan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide