TopAraba izeneko egitasmo berriaren bitartez, kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu Oihaneder Euskararen Etxeak. Horretarako, baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie, eta diziplinarteko sormen proiektuei lagunduko die.
7.500 euroko diru poltsa osatuko da, Vital Fundazioaren babesarekin. Sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea ditu helburu.
Otsailaren 27an, topaketa
Abiapuntua otsailaren 27an egingo den topaketan izango du. Goizeko saio irekian —interesa duen edozeinek parte har dezake—, diziplinarteko sormen prozesuetan esperientzia duten Euskal Herriko hiru pertsona erreferentek parte hartuko dute: Harkaitz Canok, Amançay Gaztañagak eta Xabier Gantzarainek. Parte hartzaileek profesional horien ikuspegia eta esperientzia gertutik ezagutuko dituzte, diziplina anitzeko sormen prozesuen osagaiez jabetzeko helburuarekin.
Arratsaldeko saioa laborategi formatua izango du, Teklak enpresak dinamizatuta. Kultur sortzaileen txanda izango da, eta diziplinarteko proiektu bat sortzeko ideia landu beharko dute taldeka. Horrez gain, sortzaileen arteko saretzea lortu nahi dute saio partehartzailean.
Izen-ematea zabalik
Topaketan izena emateko epea ireki da dagoeneko, eta ezinbestekoa da Oihaneder.eus webgunean eskegitako inprimakia betetzea parte hartu ahal izateko. Egitasmoa bere osotasunean kultura sortzaileei zuzenduta badago ere, goizeko jardunaldia irekia da, eta interesa duen edozein norbanakok parte har dezake; arratsaldeko laborategian, berriz, 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileak bakarrik eman dezakete izena.
Hiru fase
Otsailaren 27ko topaketa egin ondoren, egitasmoaren gainontzeko faseak iritsiko dira:
- Deialdia: topaketan landu diren diziplinarteko kultura proiektuak aurkezteko epea eta proiektu irabazleen aukeraketa. Proiektu horien garapenerako 7.500 euroko diru poltsa egongo da.
- Proiektuen sormen prozesua: aukeratutako proiektuen garapena, gehienez sei hilabeteko epean burutzekoa.
- Aurkezpen publikoa: sortu diren proiektuen aurkezpena Oihaneder Euskararen Etxean.