Greba Osakidetzan, osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde

Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 15:52

Gasteizko manifestazioak Txagorritxu eta Santiago ospitaleak lotu ditu. / LAB

Grebara jo dute ostegun honetan Osakidetzako langileek. Murrizketak zein pribatizazioak gelditzea, inbertsioa handitzea eta egiturazko plantilla indartzea exijitu dute Gasteizen, Txagorritxu eta Santiago ospitaleak lotu dituen manifestazioan.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute greba ostegun honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan. Osasun publikoan inbertsio handiagoa, murrizketen eta pribatizazioen amaiera, egiturazko plantilla handitzea eta behin-behinekotasuna murriztea aldarrikatu dute Osakidetzako langileek.

Edozein larunbateko zerbitzuen pareko gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla salatu dute sindikatuek. Hala ere, osasun zentro guztiei eragin die lanuzteak: adibidez, Salburuan eta San Martinen administrazioko langileen %100ak bat egin du lanuztearekin; eta Olagibelen, %50ak.

Nahiz eta mobilizazioetan parte hartzeko aukerarik ez izan, euren postuetan mantendu behar direlako, Txagorritxun, Santiagon zein bestelako osasun zentroetan, ehunka langilek sinbolikoki egin dute bat grebarekin, aldarriekin bat eginez eta pegatinak jantziz.

12:00etatik aurrera, ehunka langile abiatu dira Txagorritxutik, Santiago ospitaleraino joan den manifestazioan. Aipatutako aldarrikapenekin batera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari "norabide aldaketa erradikala" eta langileen segurtasuna hobetzeko neurriak eskatu dizkiote.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago