Koronabirusa

Irregulartasunak salatu dituzte Santiago ospitaleko txertaketan

Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 14:24

Santiago ospitalearen sarrera. / WIKIPEDIA (Zarateman)

Txertoa hartu behar ez zuten hainbat langilek txertoa jaso dute Santiago ospitalean. ARGIA hedabideak argitaratu duenez, hiru kasu ezagutu dira: zeladoreen enkargatu bat, endoskopia gainbegirale bat eta UGT sindikatuko liberatu bat.

ARGIAk esklusiban argitaratutako informazioaren arabera, Covid-19arekin harreman zuzenik ez duten zenbait langilek txertoa jaso dute Gasteizko Santiago ospitalean. Arabako ESIko zuzendaritzak berak "akatsak" izan direla onartu du, sindikatuen ordezkariekin asteazkenean egindako premiazko bilera batean.

Asteartean, Santiagoko enpresa batzordeak premiazko bilera eskatu zion Arabako ESIko zuzendaritzari, langileen arteko "haserrea eta ezinegona" zabaltzen ari zelako. Bilera hori asteazkenean egin zen, eguerdian. Bertan izandako bi sindikatu ordezkarirekin hitz egin du ARGIAk; ESKko Manu Rodriguezekin eta LABeko Olatz Rodriguez de Yurrerekin.

Hiru kasu, momentuz

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik horren berri eman ez badu ere, txertaketaren inguruko irregulartasunak Arabara iritsi dira, eta, oraingoz, hiru kasu ezagutu dira Santiago ospitalean, zuzendaritzak aipatutako bileran baieztatu zuenez: zeladoreen enkargatu bat, endoskopia gainbegirale bat eta UGT sindikatuko liberatu bat.

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, langile batzuk Covid-19arekin kontaktu zuzenean daude, eta beste batzuk ez, baina guztiei batera deitzen zaie. Zeladore enkargatuaren eta endoskopia begiralearen kasuetan hori gertatu da, hain zuzen ere: txertoa jaso dute jaso behar ez zutenean. Bitartean, sindikatuek kritikatu dutenez, "lehen lerroan" dauden langile batzuek ez dute oraindik txertoa jaso.

Birusarekin kontaktu zuzenik ez izan arren, bajan dauden profesional batzuei eta sindikatuetako liberatuei ere euren unitatearekin batera txertatzeko esan diete. UGTko liberatuaren kasua horietako bat da; bera zeladorea da eta bere unitatea "lehen lerroan" dago, baina, une honetan, bera ez dago birusarekin kontaktu zuzenean, sindikatuko liberatu gisa lan egiten baitu.

Kudeaketa auzitan

Arabako ESIko zuzendaritzak "protokoloa berregokitu eta akatsak zuzentzeko" asmoa adierazi du. ESK eta LAB sindikatueko ordezkariek azaldu dutenez, irregulartasun horiek "kudeaketa oso txarraren ondorio dira, prebarikazio edo ustelkeria kasuak baino".

ARGIAk esklusiban argitaratutako Zigor Oleaga kazetariaren albistea hemen duzue ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago