Maria Ortiz de Pinedo Otxoa

"Alavesen jokatzea emozioz beteriko sentimendu bat da"

Ibon Gorrisi 2021ko urt. 28a, 11:32
Lesioaren ostean, oraindik ez daki noiz itzuli ahal izango den zelaira. DEPORTIVO ALAVES

Alavesek 100 urte bete dituen honetan, emakumezkoen taldean jarri du arreta ALEAk; sortu zenetik taldeko kapitaina da 'Mery'. Aurten, saria lortu eta Lehen Mailara igotzea espero du.

Alaves Gloriosas emakumezkoen taldea sortu zenetik hor izan da Maria Ortiz de Pinedo Otxoa Mery (Gasteiz, 1994). Ilusioz betetako jokalari honek denetarik bizi izan du. Mendizorrotzean jokatu zutenean izan zen unerik hunkigarriena, baina bere ametsa Lehen Mailan aritzea da. Kapitaina, golegilea eta futbol zelaian dena ematen duen horietakoa da. Orain, futbolaren zapore gazi-gozoa bizitzea tokatu zaio lesio larri batetik ateratzen ari delako, eta denboraldi honi agur esan diola aurreratu daiteke. Halere, alaitasunez beterik hartu du ALEA telefonoz beste aldean.

Hasteko, zer moduz zaude?

Lesioa ondo; hasieran pixka bat motelago, gero test guztiak, ondoren konfinamenduaren egoera hau etorri da… baina orain hobeto, pixkanaka moldatzen, egokitzen, errehabilitazioa hasita, beraz hobeto.

Noiz itzuliko zara jokatzera?

Erlatiboa da hori une honetan. Hasieran igual hasiko zara entrenatzen, baina egoeraren arabera. Printzipioz aurten, denboraldi honetan, ez. Zergatik? Bada, pazientziarekin hartu nahi dudalako. Jarraian izan dudan bigarren lesio larria da. Beraz, nik uste hurrengo denboraldian izango dela. Baina, presarik gabe, pixkanaka.

Denboraldi arraro samarra izaten ari da. Nola dago taldea? Nola zaudete?

Bai, bai, arraroa da zentzu askotan. Azkenean entrenamenduak moldatu behar izan ditugu, instalazioetan protokolo desberdinak daude, burbuila taldeak sortu behar izan dira. Azkenean moldatu gara, jendea egokitzen hasi da egoerara. Pixkanaka, hobeto.

Taldea liderra da bere taldean. Nola ikusten duzu?

Momentuz taldea ondo ikusten dut. Gabonetako egoera kontuan izanik, lehenengo postuan jarraitzeko itxaropena daukagu. Ea zortea daukagun aurten. Urte guztietan bezala hor izan gara borrokan. Ea aurten saria lortzen dugun!

Zer egin behar duzue Lehen Mailara igotzeko?

Egoera normal batean izango bagina, ziur aski errazagoa izango litzateke igotzea. Egoera berezi honetan sekulako bide luzea eta zailtasunez beterikoa dugu aurrean, partida asko jokatu behar ditugulako. Lehenengo fasean, lehenengo lauen artean sailkatzea beharrezkoa da bigarren fasera pasatzeko. Bigarren fase horretan beste azpitaldeko lau onenekin lehiatu behar da igoera lortu ahal izateko.

Zuk zure burua ikusten al duzu Lehen Mailan?

Bai. Jakina. Pentsatu dut hainbat egoeratan, eta uste dut baietz. Taldea prestatuta dago. Agian aurten ez dugu aukera izango edo zorte hori ez dugu izango, eta hurrengo urtean izan beharko da. Baina Alaveseko proiektua horretara bideratuta dago.

Zuretzat futbol munduan zein izango litzateke ametsik politena?

Niri falta zaidana da Lehen Mailara igotzea Alaves taldearekin, hor jokatzea eta mantentzea. Bigarren Mailara igotzeko ametsa bizi izan dut, Mendizorrotzean jokatzeko ametsa bizi izan dut. Geratzen zaidan ametsa horixe da, Alavesekin igotzea Lehen Mailara.

Eta Mendizorrotzean gola sartzea?

Hori bai, baina hori bigarren mailako amets bat da niretzat. Polita izango litzateke, bai sekulakoa, baina niretzat garrantzitsuena emakumezkoen futbolak aurrera egitea da.

Polita izan zen Mendizorrotzean jokatzea?

Oso polita. Pixkat arraroa, lehenengo aldia izanda; jende asko zegoen, baina asko disfrutatu genuen. Ez nuen aukerarik izan gola sartzeko, baina oso polita izan zen.

Alavesek ehun urte bete ditu eta nesken taldea 2017an sortu zen. Zer espero duzu hemendik aurrera?

Nik espero dut ehun edo gehiago izatea. Gu asko hazi gara, eta urtez urte bidea egiten ari gara. Garbi dago atzetik neska gazte asko datozela eta espero dudana da hasi dugun bide hau ez gelditzea.

Zuretzat, zer da Alaves?

Sentimendu berezi bat da. Ez zaude jokatzen bakarrik jokatzeagatik edo praktikatzen duzun kirola gustatzen zaizulako, baizik eta sentimendu eta emozio desberdinak sentitzen dituzulako. Alaves Gasteizen zerbait desberdina da, berezia da. Badaukagu Bartzelona edo Real Madril bezalako talde handiak hiri handietan, baina gure hiria txikiagoa izanda mundu guztiak edo familia guztiek ezagutzen dute Alaves, eta bizitzen duten zerbait da. Hori ere guretzat oso garrantzitsua da, eta zerbait bereziagoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide