Babestutako hegaztiak ehizatzeagatik hiru lagun ikertzen ari da Udaltzaingoa

Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 17:37

Karnaba (Carduelis carduelis) babestutako espezie gisa katalogatuta dago. / Dibyendu Ash

Gasteizko Udaltzaingoak ikerketa bat abiatu du 49, 42 eta 29 urteko hiru gizonezkoren aurka, baimenik gabeko ehiza delituaren ustezko egile gisa, Zabalgana auzoan karnabak ehizatzeagatik.

Joan den igandean, 092 zenbakian jasotako dei batek ohartarazi zuen hiru gizonezko horiek, ustez, hegaztiak ehizatzen ari zirela Zabalgana auzoan; zehazki, Bremen kalean, eraikinik gabeko eremuan.

Udaltzainen patruila batek furgoneta batean topatu zituen hirurak. Identifikatu ondoren, udaltzainek ibilgailua ikuskatu zuten, eta Carduelis carduelis espezieko (karnaba) hiru txori zituen kaiola bat topatu zuten. Hegazti hori babestutako espezie gisa katalogatuta dago.

Ondorioz, Udaltzaingoko Ingurumeneko Taldea arduratu zen esku-hartzeaz, eta txoriak eraztuna jarri gabe zeudela egiaztatu zuen. Gainera, espezie ugaritako soinu-grabazioak erabiltzen dituen apeu elektroniko bat topatu zuten bertan; dirudienez, hegaztiak ehizatzeko erabiltzen ari ziren. Apeu soinudunaz gain, hegaztiak harrapatzeko substantzia likatsu bat lika izenekoa erabiltzen zuten ikertuek.

Karnabak kautelaz konfiskatu eta Martiodara eraman zituzten, Animaliak Berreskuratzeko Zentrora. Bestalde, inplikatuei epaitegian dagozkion izapidetzeak ireki zizkietela jakinarazi zieten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide