Begoña Romanekin hasiko da Herritartasunerako Eskola Irekiaren ikasturte berria

Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 12:37
Begoña Roman, Kataluniako Gizarte Zerbitzuen Etika Batzordeko lehendakaria.

Begoña Romanek herritarren partaidetzari buruz Europa jauregian eskainiko duen hitzaldiarekin, ikasturte berria abiaraziko du Herritartasunerako Eskola Irekiak, otsailaren 2an. Jardueretan izena emateko epea zabalik dago jada.

Pandemiaren ondorioz mundua itxita badago ere, zabalik jarraitzen du partaidetzaren kultura hobetzeko xedez Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak sustatzen duen elkartzeko eta parte hartzeko espazioak. 2021eko lehen hiruhileko honetan ekingo dio hitzaldi eta gogoeta ikasturteari. Horretarako, «eztabaida berriei eta herritar izateko nahiz herritartasuna birpentsatu eta egikaritzeko modu berriei» irekitako programazioa izango da.

Otsailaren 4an hasiko da, Begoña Roman Maestrek, Herritarren parte-hartzea birpentsatzea: etikaren ikuspegitik begiratuta izenburupean, Europa jauregian emango duen hitzaldiarekin. Kataluniako Gizarte Zerbitzuen Etika Batzordeko lehendakaria da Roman, eta Bioetika Batzordeko kidea.

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle ospetsuak filosofia garaikidea, etika eta politika izango ditu hizpide. «Herritarrek parte hartzeko prozesuen ikuspegi etikoa eskainiko du, haien zilegitasun demokratikoa funtsezko piezatzat hartuta, hiri demokratikoagoa, gardenagoa eta zoriontsuagoa lortzeko bidean», azaldu dute antolatzaileek.

Hitzaldia Europa jauregian egitea aurreikusi da, 18:00etatik 20:00etara bitartean, behar diren higiene eta prebentzio neurriak hartuta. Pandemiak murrizketa gehiago ezartzera behartuko balu, hitzaldia online egingo litzateke.

Askotariko programazioa

Programaren barruan bestelako jarduerak izango dira: gizarte trebetasunei buruzko lantegiak, ordezkari politikoei eta elkargune zein auzoguneetako ordezkariei zuzendurik; elkarteentzako prestakuntza; umeentzako lantegiak, HEI Txiki Vital programaren bitartez; zineforuma, eta eskolak eskaeraren arabera eskaintzen duen etengabeko prestakuntza.

Izen-ematea zabalik

Ikasturte berriko jardueretako batzuk aurrez aurre egingo dira, eta beste batzuk online. Hori bai, jarduera guztiak doakoak izango dira, baina izena aldez aurretik ematea beharrezkoa da, www.vitoria-gasteiz.org/hei webgunean. Telefonoz ere eman daiteke izena (010 edo 945 16 11 00 telefono zenbakira deituz), baita herritarrei laguntzeko bulegoetan edo HEIaren aplikazioaren bidez.

Izena eman duten pertsonek jardueran parte hartzerik ez badute, horren berri ematea eskatzen die Eskolak, 945 16 16 187 telefonora deituz edo heiskola@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz. Hartara, beste pertsona bati emango zaio leku hori.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide