KunArtek haurrentzako programazio berria izango du martxora bitartean

Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 19:26

KunArte Berrikuntza Artistikorako Zentroak 0 eta 6 urte bitarteko herritar txikienei zuzendutako programazioari berrekin dio. Zinema ziklo batek, ikuskizunek eta sormen proposamen berriek osatuko dute 2021eko lehen hiruhilekoaren programazioa.

Paraiso Antzerkia konpainiak bultzatutako KunArte zentroaren programazio berria urtarrilaren 31n hasiko da, eta sarreren salmenta ere hasi da dagoeneko: astelehen honetan hasi da Kultura Bonuaren bitartez, eta ostegunean, hilaren 28an, abiatuko da salmenta orokorra.

Lehenengo ekitaldia, Small Size eguna, igandean izango da, hilaren 31n. Nazioarte mailako ospakizun horretarako, publiko txikiaren irudimena zinemara hurbiltzea erabaki du Gasteizko zentroak, animaziozko minimach baten bidez.

Ondoren, Bartzelonako Haurren Zinemaldiarekin elkarlanean, haur txikiek kalitatezko zinemaz gozatzeko aukera izango dute. Zineklub berezi honek jarraipena izango du otsailaren 21ean eta martxoaren 7an. Egun horietan bi saio izango dira: Harriz zopa eta Pixkanaka pixkanaka. Biek euskarazko laburmetraiak izango dituzte proposatutako ikus-entzunezkoen artean.

Otsailaren 6an eta 7an, KunArteko agertokia txikienei eskainitako lorategi bihurtuko da, Lorategian ikuskizunarekin. Paraiso Antzerkia eta Teatro de la Guimbarderen (Belgika) arteko ekoizpena da, eta, estreinatu zenetik, 1.000 emanaldi baino gehiago egin ditu bertako zein estatuko jaialdietan eta programazioetan; baita Belgikan, Frantzian, Finlandian, Luxenburgon, Ingalaterran, Suitzan, Austrian, Holandan, Portugalen eta Errumanian ere.

Martxoan, hilaren 14an, Escena Miriñaque konpainiak KunArte bisitatuko du, bere Dulce de leche antzezlanarekin. Otsaileko azken asteburua, Paraiso Antzerkiaren Miradas lanaren momentua izango da, eta Arbolé Teatro konpainiaren Un día en el teatro ikuskizunak itxiko du programazioa, martxoaren 28an.

 

Sarreren salmenta

Urtarrilaren 25ean, 26an eta 27an sarrerak salgai izango dira, baina soilik Aldundiaren Kultura Bonuarekin. Salmenta telefonoz baino ez da egingo, 945 128 819 zenbakian, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Ostegunetik aurrera, berriz, Kultura Bonuarekin ere, sarrerak erosi ahal izango dira, baina KunArteren ohiko ordutegian; hau da, 9:00etatik 13:00etara.

Ondoren, urtarrilaren 28an, salmenta orokorra hasiko da, 9:00etan ohiko kanalen bidez: online, Paraiso Antzerkiaren webgunean; 945 128 819 telefono zenbakian, 9:00etatik 13:00etara; edo KunArte egoitzako txarteldegian, jarduera bakoitza hasi baino bi ordu lehenago.

KunArte segurua da

«Kultura segurua da» leloari jarraituz, KunArtek bere espazioa eta jarduerak egokitu ditu Covid–19aren aurreko prebentzio neurrietara. «Zailtasunak zailtasun, lanean jarraitzen dugu txikienei eta haien familiei kulturarekin topo egiteko aukera emango dieten zuzeneko kultur guneak eskaintzeko, betiere ingurune seguruan», adierazi du Pilar Lopezek, KunArte zentroa eta horren kudeatzailea den Paraiso Antzerkiaren zuzendariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide