Gasteiz Antzokiaren obrak laster hasiko dira

Erredakzioa 2021ko urt. 22a, 13:00
2022an egia bihurtuko da Gasteiz Antzokia, euskalgintzaren aldarrikapen historikoa. / ALEA

Ruiz de Bergaratarren jauregian Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea eraikitzeko obrak laster hasiko dira. Proiektua eta 206.000 euroko inbertsioa onetsi ditu udal gobernuak: egiturazko lanak gauzatzeko lau hilabeteko epea izango da; obra guztiak egikaritzeko, ordea, 18 hilabete.

Jatorri errenazentistako XVI. mendeko Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitzeko eta Gasteiz Antzokia zein Euskararen Etxea eraikitzeko proiektua obrak egiteko fasean sartuko da datozen egunetan. Tokiko Gobernu Batzarrak enpresa esleipendunari Zikotz S.A obra «potoloenak» egiten hasteko baimena ematen dion izapidea onetsi du ostiral honetan; obra horiek egitura, isolamendua eta beste moldaketa batzuk egitekoak dira.

Lan programa eta segurtasun zein osasun planak onetsi ondoren, lau hilabeteko egikaritze-epea izango du, zuinketa egiaztatzen denetik. Guztira, 18 hilabeteko epea ezarri da obra guztiak egikaritzeko horiek barne.

Jauregia eraberritzeko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da, eta Gasteizko Udalaren 206.018 euroko inbertsioa izango du.

Eraikineko lau solairu egokituko dira eta sarbideak izango ditu Zapatari eta Errementari kaleetatik. Horrez gain, edukiera handiko areto nagusia eta kultur sorkuntzarako zein lanerako espazio moldagarriak ere izango dira.

Zaharberritu ondoren, Ruiz de Bergaratarren jauregia «euskara maite eta gozatzen duten gasteiztar guztien etxea bihurtuko da, eta gure hizkuntzaren arnasgunea, hiriaren erdian», nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Aurreproiektutik, proiektua gauzatzera

Eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera Udalak landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia.

Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du aurreproiektuak. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro izango dituzte guztira, lau solairutan banatuta.

Espazio moldagarriak proposatu dituzte, kultur jarduerak, kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak egiteko. Gainera, taberna bat ere aurreikusi da.

Zikotz SA enpresa esleipendunak lan ezberdinak aurrera ateratzeko ardura izango du. Obra gauzatzeko 18 hilabeteko epea izango du enpresak.

Gasteiz Antzokiko areto nagusiaren aurreikuspena. / Irudia: Gasteizko Udala

 

Gasteiz Antzokia, elkartzeko gunea

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztuko ditu higiezinaren konfigurazioak.

Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokia bigarren solairuarekin lotuta egon arren, funtsean lehen solairua hartuko du.

Gasteiz Antzokiko sarreran, 69 metro koadroko taberna bat egongo da, 10 metro karratuko sukaldea izango duena.

Ondoren, Antzokiaren areto nagusia egongo da: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuko altuerarekin. Espazio honek mota askotako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko du. Gehienez -zutik- 507 pertsonako aforoa izango du eta ez du agertokirik izango. Bestalde, antzerki emanaldietarako edo bestelako ekitaldietarako, 151 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da.

Eserita ikusteko kontzertuetan, 90 pertsonarentzako lekua egongo da. Halaber, jantoki gisa ere erabili ahal izango da, eta kasu horretan, 170 pertsonarentzako lekua izango du aretoak. Hala ere, agertokia bigarren solairutik ere ikusi ahal izango da. Guztira 353 metro koadro izango ditu beheko solairuak.

Eraikinaren aurreikuspena, Errementari kaletik ikusita. / Irudia: Gasteizko Udala

 

Euskararen Etxea, lanerako espazioa

Beheko solairuan egongo da Euskararen Etxearen sarbide naturala, Errementari kaletik.

192 metro koadroko azalera erabilgarria eta 127 pertsonarentzako lekua izango du guztira. Erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan. Gainera, proiekzio eta itzulpen kabinak, biltegiak, komunak eta aldagelak ere aurreikusi dira. Aipatu bezala, Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko "balkoitzat" erabili ahal izango dela azaldu dute.

Bigarren eta hirugarren solairuetara igotzeko eskailera eta igogailua egongo dira. 260 metro koadroko azalera erabilgarria izango du bigarren solairuak. Bertan lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira. 

Azkenik, hirugarren solairua jauregiko leku argitsuena izango da, 269 metro karraturekin. Patio nagusia estaltzeaz gain, lanerako guneak ere izango dira bertan, izan ere, hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela egongo dira.

Gasteiz Antzokiaren ikuspegi orokorra. / Irudia: Gasteizko Udala

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide