Eskaera egin duten ikastetxe guztietan jarriko dira, Barrutia ikastetxean izan ezik; bertan dagoeneko karpa bat dago eta. Zehazki, Abendaño, Divino Maestro, Ibaiondo, Toki Eder, Odon de Apraiz, San Ignazio, Landazuri eta Santa Maria ikastetxeetan jarriko dira. Azken bi horiek patioa partekatzen dute, eta, beraz, karpa ere elkarbanatuko dute.
Gasteizko Udalak azaldu duenez, karpa bakoitzak 200 metro koadro izango ditu, eta, instalatu ondoren, 2020-21 ikasturtea amaitu arte utziko dira ikastetxeetan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Udalaguntza-2020 diru-laguntza deialdia baliatuz instalatuko dira. Izan ere, deialdi horren bidez hezkuntza administrazioaren mendeko ikastetxeek erabiltzen dituzten udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzen dira.