Aurten ere Gasteizko Txosnen banda lehiaketa izango da

Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 19:10
Gasteizko Txosnek Jimmy Jazz aretoan egin dute aurtengo lehen prentsaurrekoa. / @ENTXOSNATU

2020 urtea jairik gabe eta 40. urteurrena ospatzeko aukerarik gabe amaitu ostean, Gasteizko Txosnek indarberrituta ekin diote urte berriari. Aurten ere banda lehiaketa izango da, eta parte hartzeko epea otsailaren 26ra arte zabalik dago.

Oraindik ikusteke dago aurtengo jaiekin zer gertatuko den, baina, gertatzen dena gertatzen dela, 2021ean ere Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa izango da. Txosnek urtero antolatzen duten lehiaketaren helburu nagusia talde ezezagunei eszenatoki gainean aukera bat ematea da, eta hala izango da aurten ere, Jimmy Jazz aretoaren elkarlanari esker.

Edozein musika taldek hartu dezake parte txapelketan, eta astearte honetan irekitako epea otsailaren 26ra arte luzatuko da.

Gaurtik aurrera, izena emateko formulario bat topatu daiteke Gasteizko Txosnen webgunean: taldekideen datuak txertatzeaz gain, taldeek hiru abesti igo beharko dituzte horietako bat, gutxienez, euskaraz. Horrez gain, argazkiak, bideoak edota sare sozialen berri emateko aukera ere izango dute bertan.

Finala, martxoaren 25ean

Martxoaren 5etik 12ra bitartean, zortzi talde sailkatuak iragarriko dituzte Gasteizko Txosnek. Talde horietako lau igaroko dira finalera; horietako bat ikuslegoak aukeratuko du, eta txosna batzordeko epaimahaiak beste hirurak erabakiko ditu. Irizpide gisa ezarri dute lau talde finalisten artean bat gutxienez Arabakoa izan beharko dela, eta horietako batek behintzat emakumeen presentzia izan beharko du.

Lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute martxoaren 25ean, Jimmy Jazz aretoan. Gainera, horietatik irabazle ateratzen den taldeak Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, jaietako egun batean; eta 500 euroko saria ere jasoko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide