Inauguratu dute Terrorismoaren Biktimen Zentroaren ingurua, eraberritze lanen ostean

Erredakzioa 2021ko urt. 18a, 17:30

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko lanak abendutik daude amaituta. Astelehen honetan, ingurua bisitatu dute proiektua lankidetzan sustatu duten erakundeek.

Lanek urtebete baino gehiago iraun dute, eta 2,1 milioi euroko inbertsioa egin da, hainbat erakundeen artean: Barne Ministerioak 1,7 milioi jarri ditu, eta gainerakoa, 400.000 euro, Gasteizko Udalak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak hartu dute parte astelehen honetako bisitan.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, lanen helburua "espazio publikoa berrantolatzea eta hobetzea, irisgarritasuna bermatzea, instalazioak berritzea, eta ingurua biziberritzea" izan da.

Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val ere izan da inaugurazioan. Izan ere, Aldundiak beste 84.055 euro inbertitu ditu inguruan aurkitutako hondar arkeologikoak musealizatzeko eta duten balio nabarmenarazteko. Orobat, Opacua SA enpresa esleipendunaren ordezkariak eta udal teknikariak ere izan dira ekitaldian.

Bigarren fasea, aurten

Obren lehenengo fasea burutu ostean, Gasteizko Udala ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasearen kontratazioa lantzen ari da dagoeneko. 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du fase horrek, eta Espainiako Gobernuak 800.000 euro jarriko ditu.

Proiektu horretan, Oroimenaren Plaza sortzea aurreikusi da, postetxearen eta Terrorismoaren Biktimen Zentroaren artean: "Espazio gardena, berritua eta oinezkoarekin adeitsua izango da, berdegunez hornitua; bizikleta-aparkaleku estalia ere egingo da, 500 bizikletatik gora hartuko dituena", azaldu du Gasteizko Udalak.

Aztarna arkeologikoak

Obrak egiten ari zirela, zenbait hondar arkeologiko aurkitu ziren, garai bateko San Frantzisko komentuarenak, baita haren aurreko egitura arkitektoniko eta hilobienak ere.

Lanek eragindako aztarna guztien indusketa arkeologikoa egin behar izan zen. Gainera, aurkitutako egituretako batzuen interes historikoa dela eta, bertan kontserbatzeko jarduerak martxan jarri ziren, hiriaren Erdi Aroko iraganaren lekuko ikusgarri bihur zitezen.

Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren mendeko Museo eta Arkeologia Zerbitzua eta Ondare Historiko, Artistiko eta Arkitektonikoaren Zerbitzua arduratu ziren San Frantzisko komentuaren hondarrak ikertu, dokumentatu eta kontserbatzeko lanen zati bat zuzenean egiteaz, 84.055 euroko inbertsioarekin. Gainerakoa, kontratu nagusiaren kontura finantzatu da.

Oro har, San Frantzisko komenturako sarrera nagusia izandakoaren hondarrak kontserbatu dira. Komentuaren jatorria XIII. mendekoa den arren, badirudi agertutako hondarrak XVI. mendean eraikitako elizaren atarikoak direla; XIX. mendean, aldaketa txiki batzuk jasan zituen, eraikina desamortizatu eta kuartel bihurtu zenean.

Zenbait kartel jarri dira egindako indusketa arkeologikoan lortutako emaitzen berri emateko. Horien artean, bereziki, agertutako hobiratzeak komentua eraiki aurreko Erdi Aroko kronologia bati dagozkionak eta eraikinaren beraren egituren hondakinak nabarmentzen dira. Era berean, eraikinaren gorabehera historiko nagusiak azaltzen dira, hasieratik 1930ean eraitsi zen arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide