Jacinto Benavente kalea, autobus elektrikoa hartzeko prest

Erredakzioa 2021ko urt. 18a, 10:20

Erabat aldatu da Santa Lucia auzoko Jacinto Benavente kalea. Tuvisako 2. lineako autobusak BEIrako esklusiboak izango diren erreietatik doaz dagoeneko, Zaramagarako noranzkoan.

Obren aurretik, Jacinto Benavente kalean bi errei zeuden noranzko bakoitzean. Hemendik aurrera, Zaramagako noranzko erreiak Bus Elektriko Adimentsurako (BEI) esklusiboak izango dira, eta autobus elektrikoak bi noranzkoetan joango dira kalearen alde horretatik, ekialdean.

Orain, ohiko zirkulaziorako errepidea mendebaldean dago, Judimendiko aldean, lehen Olarizurako noranzkoan bi errei zeuden bidean. Kalearen zati hori noranzko bikoitzeko bide bihurtu da.

BEIren geltoki berriak tranbiaren antzekoak izango dira. Zaramagako noranzkoko geltokiak ekialdeko espaloian egongo dira Angel Ganivet ikastetxearen aldean, eta Adurtzako noranzkokoak, berri, BEI errepidearen eta ibilgailuen ohiko errepidearen arteko erdibitzailean.

Kale osoa oinezkoentzako lehentasunezko bidea izango da, eta gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa izango da.

Biribilgunea, obretan

Bestalde, Jacinto Benavente eta Florida kaleak lotzen dituen biribilguneak obretan jarraitzen du. Etorkizunean, BEIk eraberritutako tarte horretatik zeharkatuko du, baina, oraingoz, autoek eta autobusek biribilgune osoa egin behar dute. Gainera, dagoeneko hego-ekialdeko tranbiaren obrak ere hasi dira bertan, Salburura bidean.

Autobus elektriko berriak Gasteizko linea Periferikoa egiten hasiko da aurten. / ALEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide