Koronabirusa

100 isun baino gehiago Gasteizko bi diskotekatan, segurtasunik gabeko jaiak ospatzeagatik

Erredakzioa 2021ko urt. 17a, 12:29

Ertzaintzaren patruilak, Florida kaleko lokalaren bezeroak identifikatzen. / @jose_lope89

Asteburu honetan, 105 isun inguru jarri dituzte Gasteizko bi diskotekatan, segurtasun neurriak ez betetzeagatik, edukiera ez errespetatzeagatik eta urtebetetze jendetsu bat antolatzeagatik.

Larunbat honetan, ostalaritzaren itxiera orduaren inguruan, 20:00ak aldera, 105 isun jarri zituzten Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hiriko bi diskotekatan. Segurtasun neurriak ez ziren betetzen ari, eta, ondorioz, lokalak hustu eta isunak ezarri ziren.

Alde batetik, Foru kaleko lokal batean 50 salaketa jarri zituzten, distantzia ez errespetatzeagatik eta maskara jantzita ez eramateagatik; gainera, lokaleko arduradunei isuna jarri zieten, edukiera gainditzeagatik eta neurriak betetzen zirela ez bermatzeagatik.

Bestetik, San Antonio kaleko diskoteka batean, beste 55 salaketa jarri zituzten. Poliziaren txostenaren arabera, 55 pertsona urtebetetze bat ospatzen ari ziren bertan: "Pertsonak eseri gabe eta sei kide baino gehiagoko taldeetan zeuden". Kasu horretan, festan parte hartu zutenei isunak jartzeaz gain, lokaleko jabeak ere salatu dituzte, jaia segurtasun neurririk gabe antolatzeko baimena emateagatik.

Guztira, 249 salaketa

Asteburu osoan zehar, Gasteizko Udaltzaingoak 249 zehapen-proposamen egin ditu Covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Salaketa gehienak, 110, maskara derrigorrez erabiltzeko araua ez betetzeagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik izan dira.

Gainerako zehazpen-proposamenak gai hauekin lotuta zeuden:

  • 52: segurtasun distantzia ez mantentzeagatik.
  • 30: bi metroko distantzia mantendu gabe espazio publikoan erretzeagatik.
  • 14: etxeratze agindua ez betetzeagatik.
  • 14: sei pertsonako gehieneko taldeen muga ez betetzeagatik.
  • 5: establezimenduen titularrei, arauak betetzen direla ez zaintzeagatik.
  • 3: ostalaritzako eta jatetxeetako lokaletan ordutegiak ez betetzeagatik.
  • 2: baimendutako edukiera gainditzeagatik.
  • 19: beste egoera batzuk direla eta.

Salaketa horien artean, bereziki deigarria izan da igandean Lasarteko ostalaritza lokal batean gertatutakoa. Bertan, udaltzainek 60 zehapen-proposamen egin zituzten: 30 maskara jantzita ez eramateagatik, eta beste 30 distantziak mantendu gabe erretzeagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago