Gazte Klik Klak lehiaketaren 'Hiri orbainak' erakusketa, ARTgian ikusgai

Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 13:00

Gazte Klik Klak lehiaketatik sortutako 'Hiri orbainak' erakusketaren aurkezpena. / ARTgia

Otsailaren 14ra arte, ARTgia sorgune eta aretoan ikusgai izango da Hiri orbainak erakusketa, 2020ko Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketaren emaitza.

Gasteizko Udalak Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketa antolatzen du urtero, 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. 2020ko edizioaren emaitza da Hiri orbainak erakusketa.

Lehiaketaren hamabigarren edizio honetan, 41 gaztek parte hartu zuten, eta, guztira, 54 lan aurkeztu zituzten: 44 argazki bilduma eta hamar bideo. Erakusketak irabazle eta hautatuen lanak bildu ditu. Asier Corredera, Maitane Campos, Maria Fariñas eta Liam McDonnell irabazleen lanez gain, Elaia Chacartegi, Irati Boveda, Christopher Thomas Galvez, Liam McDonnell, Susana Garcia de Vicuña, Pablo Garcia eta Sara Rodriguez zazpi finalisten proposamenen hautaketa bat ikusiko da.

Ikusgai dauden lanen artean "hiri-orbainak" kontzeptuaren askotariko interpretazioak aurkituko ditugu, hori izan baita aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia. Besteak beste, trenbideak, kalean egiten diren obrak, herritarrak, egitasmo bat zuten lekuen eta gaur egun direnen arteko kontrastea, faltan botatzen diren lekuak zein langileak dira erakusketaren protagonistak: "Arrastoa uzten duten orbainak", azaldu dute antolatzaileek.

Ostiral honetan, Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziaren presentziarekin aurkeztu dute ARTgia Sorgune & Aretoan, eta ostiraleko 18:00etan inauguratu da erakusketa.

Sara Berasaluce argazkilariak eta Alazne Payueta artistak komisariatu dute Gazte Klik Klak egitasmoaren 2020ko edizioa, ARTgia Sorgune & Aretoaren izenean; eta, halaber, 2021eko Tetrapack egitasmoaren komisario izango dira.  Azken edizioetan bezala, aurreko edizioetako irabazleen artean komisario elkartua izendatu da, eta edizio honetan Yone Estivariz Urraca argazkilaria izan da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide