Aernnovako langileek itxialdia hasi dute Los Angeles elizan

Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 13:49
Aernnovako langileen prentsaurrekoa, Los Angeles elizara sartu baino lehen. / LAB-ELA

Gasteizko Los Angeles elizan kaleratzeen aurkako itxialdia abiatu dute Aernnovako langileek, urtarrilean zehar deitutako bederatzi greba egunetako bigarrenean. Hilaren 18ra bitartean, goizero bilduko dira eragile politiko, sozial eta sindikalekin.

Kaleratzeak salatzeko, Aernnovako langileek bederatzi greba egun deitu dituzte urtarrilean zehar: 7an egin zuten lehena; gaur, 12an, bigarrena; eta, ondoren, 14an, 18an, 20an, 22an, 25ean, 27an eta 29an ere greba egingo dute.

Astearte honetan izan dute bigarren greba eguna, eta Eusko Jaurlaritzatik abiatutako manifestazioa Los Angeles elizara iritsi denean eman dute itxialdiaren hasieraren berri: ez dute bertan lo egingo, baina gutxienez hilaren 18ra arte izango dira bertan, goizero, kaleratzeen aurkako protesta egiteko eta eragile politiko, sozial eta sindikalekin biltzeko. Jendartearen zein erakundeen babesa eskatu dute, kaleratzeen kontra eta euren lanpostuen defentsan.

82 langile kalera

Otsailaren 1ean, Aernnovak Berantevillan duen fabrikako 82 langile kalean geratuko dira, 450 langilek osatutako plantilla osoaren %20 inguru: 55 kaleratze, 14 aurrejubilazio —ordainsari gordinaren %65 jasoko dute eta borondatezko 13 baja pizgarriekin. Lan Ikuskaritzak eta auzitegiek erabaki bitartean, zuzendaritzak jarraituko ez duten langileen zerrenda plazaratu zuen 2020ko abenduaren 31n, Gabon Zahar egunean.

Enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) aukera ireki zenetik iragarri zuen bezala, enpresa batzordeak ez du kaleratzerik onartuko eta protesta dinamikarekin jarraitzea erabaki du, "gehiegikeria" gisa definitu dutenari aurre egiteko. Izan ere, langileen ustez, enpresak bizi duen egoera "koiunturala da, eta ez egiturazkoa"; beraz, kaleratzeak bezalako "neurri traumatikoak" baztertzea eskatu diote zuzendaritzari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide