Aitor Renteriaren 'Ez bilatu argia' erakusketa, otsailaren 4ra arte ikusgai

Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 10:12
'Ez bilatu argia' erakusketaren irudietako bat. / AITOR RENTERIA

Otsailaren 4ra arte, Vital Fundazioa erakusketa zentroan bisitatu ahal izango da Aitor Renteria artistaren lana. Isiltasuna, hutsunea, isolamendua eta intenporalitatea ditu ardatz, piezen bi eta hiru dimentsioen artean jokatuz.

Vital Fundazioa erakusketa zentroan, Aitor Renteria artistaren Ez bilatu argia erakusketa ikusgai dago jada. Azken urteotan landu dituen hainbat serieren bukaera diren lan berriak bildu ditu Renteriak. Gainera, bi dimentsioko pintura hutsa baino joera tridimentsionalagoa edo eskultorikoagoa duten beste mota bateko lanen hasiera ere bada.

Bere lana isiltasuna, hutsunea, isolamendua edo intenporalitatea bezalako kontzeptuetan oinarritzen da, eta pinturaren, kolorearen eta formaren alderdirik funtsezkoenetan zentratzen da, abstrakzioa eta figurazioa bereizi gabe. Hainbat teknika erabili ditu horretarako: akrilikoa, akuarela edo klarionak, zenbait euskarriren gainean; esaterako, papera, zura, aluminioa edo metakrilatoa.

Otsailaren 4ra arte egongo da ikusgai Posta kaleko Vital Fundazioa erakusketa zentroan. Asteartetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

"Zergatik bilatu argia koadro batean?"

Ez bilatu argia izena jarri dio egileak. Izan ere, erakusketa honen bidez, galdera bat egin nahi izan du: "Zergatik bilatu argia koadro batean? Zergatik irudikatu espazioa gainazal lau batean? Zein da bi dimentsioko lan baten eta hiru dimentsioko lan baten arteko muga? Edo, zergatik gailentzen da grisa? ".

"Asmatze baino akats gehiagorekin eta itxaropena baino ilusio handiagoarekin", obra autonomoak sortu nahi izan ditu Renteriak, "autoerreferentzialak, behatzaileari ez beste inori jotzen diotenak, eta horri arreta pixka bat eskatzen diote osoak izateko". Zentzu horretan, Renteriak uste du "arintasunaren, hutsunearen, isiltasunaren edo intenporalitatearen artean flotatzen saiatzen diren lanak direla, mugen inguruan jolasten dutenak, bi eta hiru dimentsioen artean, ikusten denaren eta ikusten ez denaren artean, alde honen eta bestearen artean".

Aitor Renteria (Donostia, 1967)

Pinturatik abiatuta diziplina anitzeko bokazioa duen artista da Renteria, eta, horren ondorioz, zenbait performance sortu ditu adibidez, Bilboko BiAD 2019an egindako Soinu margotuak—. Horrez gain, Euskal Akuarelisten Elkarteko tailerretako arduraduna izan da.

EHUn Arte Ederretan graduatua, Pintura eta Arte Grafikoa espezialitatean, Telekomunikazioetako Ingeniari Tekniko lanbidea zuenez, bere jarduera artistikoari berandu ekin zion.

Erakusketa ugari egin ditu, munduko bazter ugaritan: esaterako, Sevillako World Trade Center, Bilboko Itsas Museoa, Finlandiako edo Mexikoko Akuarelako Bienalak. Gainera, bere lanak sari eta aipamen ugari jaso ditu: Lopez Villaseñor, Manzanares Hiria, Gijongo Jovellanos Ateneoa edo Bartzelonako Museo Olinpikoa, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide