Martiodako dorreak argiztapen monumentala du dagoeneko

Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 08:48
Hurtado de Mendozatarren dorretxearen itxura berria, argiztapen monumentalarekin. / AFA

Aldundiaren 15.000 euroko inbertsioari esker, argiztapen monumentala jarri dute Martiodako Hurtado de Mendozatarren dorretxean.

Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak bultzatuta, eta 14.995,53 euroko inbertsioarekin, Luminarias Electricas del Norte SL enpresak argiztapen monumentala jarri du Martiodako Hurtado de Mendoza dorrean.

"Argiztapen monumentalak dorreak berez duen erakargarritasuna areagotzea lortu du, eta lurraldeko ondasun kultural horren balioa nabarmendu du; izan ere, orain ikusi egingo dute gaueko paisaian, bai errepidetik pasatzen diren bidaiariek, bai lekua ikustera etortzen direnek", adierazi du Kultura eta Kirol Saileko diputatu Ana del Valek.

Historiaz beteriko dorrea

Hurtado de Mendozatarren dorretxea edo Martiodako dorrea Gasteizko Martioda herrian dagoen dorretxea da. Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen 2002ko urriaren 29an, monumentu sailkapenarekin.

Arkitektura gotikoko dorretxe honek XIII. mendean du bere jatorria. Jakina da XVI. mendean Hurtado de Mendozatarrak Gasteizen bizi zirela. 1527an, Hurtadotarrek jurisdikzioa zuten jaurerrien kartzela bezala erabiltzen zen dorrea.

Martiodako muino baten gainean kokatuta dago, eta, XVI. mendean, Badaiako mendilerrotik gertu igarotzen ziren bideak zain zitezkeen bertatik. Arratoko mendilerroaren aurrean zegoenez, balio estrategiko berezia zuen; izan ere, Arabako Lautadatik Zuiarako igarobide naturala zen, eta baita haran horretatik Bizkaiko portuetarakoa ere.

XVII. mendean, ordea, eraikina hondamenean zegoen, eta teilatuak hondoratuta zituen, besteak beste. XVIII. mendean, Joaquin Maria Hurtado de Mendozak Villafuerteko kondea eta Miravaleko markesa bizitza berri bat eman zien Martiodari eta bere dorreari, eta horren inguruan jauregia eraiki zuen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide