Kirol guztia baimentzea exijitu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 11:51
Gasteizko manifestazioaren amaiera, Andre Maria Zuriaren plazan. / @BultzaKirola

Larunbat honetan, 2.000 pertsona inguru bildu dira Gasteizen, eskola kirolaren itzulera eskatzeko. Arabako hiriburuan bezala, kirola "ezinbestekoa" dela aldarrikatu dute Bilbon eta Donostian ere.

Asteburu honetan kirol elkarte eta federazioek antolatutako mobilizazioetan, 10.000 pertsona baino gehiago bildu dira EAEko hiru hiriburuetan, eguraldiari aurre eginez. "Kirol guztia", eskolakoa nahiz federatua, itzultzea exijitu dute. Gasteizko manifestazioan, 2.000 lagun elkartu ziren, antolatzaileen arabera.

Bultza Kirola Euskadi kluben eta elkarteen plataforma "kezkatuta" agertu da erakundeek eskola kirolaren zein kirol federatuaren arloan hartutako erabakiekin, eta kirol jarduerak "funtsezkotzat" jotzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Milaka arabarrek kirola berriro egin ahal izatea" nahi dute, eta horretarako formulak bilatu behar direla uste dute, "Europako beste herrialde batzuetan eta beste autonomia erkidegoetan egiten ari diren bezala".

Izan ere, pandemiari eusteko ezarritako neurrien ondorioz, euskal kirolari gehienek hilabeteak daramatzate taldean kirola egin ezinik. Gainera, joan den azaroan bertan behera geratu ziren 6 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako eskolaz kanpoko kirol jarduera guztiak. Astelehen honetan, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarriko ditu, eta, asteburu honetako mobilizazioekin, "kirol guztiaren itzulera" exijitu du Bultza Kirola plataformak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide