'Ahoskera Laborategia' eta 'TopAraba', Oihanederreko nobedadeen artean

Erredakzioa 2021ko urt. 8a, 11:01

Ahoskera Laborategiaren aurkezpen gisa mahaingurua antolatu da Ilaski Serrano, Franck Dolosor eta Edurne Azkaraterekin.

Negurako prestatutako programazioa aurkeztu du Euskararen Etxeak.

Urte berriarekin batera, neguko programazioari irekiko dizkio ateak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak. 27 jardueraz osatutako egitarau zabala prestatu du datozen hiru hilabeteotarako.

Ohiko ziklo eta jarduerez gain, hiru egitasmo berri dira nabarmendu beharrekoak: batetik, Ahoskera Laborategia dago. Hain justu ere, UEUrekin elkarlanean, euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzeko laborategia.

Bestetik, Hiruerreketa: euskararen arte-urak izeneko erakusketa izango da otsailean. Euskaraz sortzeak dakarren zailtasunaren eta deserosotasunaren inguruko hiru gogoeta artistiko ekarriko ditu Oihanederrek Montehermoso Kulturunera: Zaloa Ipiñak, Zirikak eta Bigarakoek Gorreri Bisuala, Hitz birziklatuak eta Abere ba egitasmoak erakutsiko dituzte, hurrenez hurren.

Hirugarrenik, Araban euskarazko sormen esparrua lantzeko TopAraba izeneko egitasmoa dago.

Urtarrileko programazioaren kartela. / OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA

 

Musika, ikuskizunak edo ikus-entzunezkoak

Ohiko programazioari dagokionez, musikarekin lotutako hitzordu ugari izango dira aukeran: Lorea eta Maialen Aristegi gazteak izango dira Egin Leku! deialdiaren baitan oholtzara igoko direnak. Eskilarapeko Soinuak alaitzen, ordea, Ainhoa Larrañaga, Ekiza eta Raitx izango dira.

Ikuskizunek ere ez dute huts egingo: Txakur Gorria kolektiboak H-Artzetik ikuskizuna ekarriko du, Mikel Soto Pettiren zuzeneko musikarekin helduko da Suak pizten direnean ikuskizunerako, eta Kamikaz kolektiboko Erika Olaizaolak, berriz, Panpina antzezlana aurkeztuko du.

Ikastaro eta jardunaldiei dagokionean ere izango da non hautatu: Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, Hitz Adina Mintzo, hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak, mankanyera, zuberera, erronkariera eta groelandiera gerturatuko ditu Oihanederrera. Honekin batera eta ikastaro honen baitan, Anhitzak egitasmoak Gasteizen bizi den hizkuntz aniztasuna erakutsiko du. Horrez gain, Komunitate eta bizi eredu berriak ehunduz jardunaldia ere antolatuko da UEUrekin batera.

Ikus-entzunezkoen zaleek hilabetero bi eskaintza izango dituzte eskura: lehenengoa, Filmazpit zikloaren baitan, L'Atelier, The Human Library eta Dilili a Paris filma. Bigarren eskaintza, Oihanederrek GEUrekin elkarlanean antolatzen duen Begi Belarri dokumental sortari dagokiona izango da: Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat, derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen historia kontatzen duena; Erraiak, Euskal Herrian zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen dituena; eta Caminho Longe, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bidea hartzen dueneko kontakizuna.

Liburu-aurkezpenek ere izango dute lekua Oihanederren: Gotzon Aurrekoetxea eta Jose Luis Ormaetxea Txipi irakasleek Euskalkien sailkapen berria aurkeztuko dute eta Jakoba Errekondo dibulgatzaile ezagunak, aldiz, Etxeko landareak idatzi duen liburu berria.

Gonbidapenak aurretik eskatu

Oihanederren webgunean egongo da jarduera bakoitzaren inguruko informazioa. Euskararen Etxetik gogorarazi dutenez, gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota oihaneder.eus bidez). Ikastaro eta jardunaldietan izena eman behar dela ere gogorarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago