Midnight Boogie Weekend jaialdiak soul eta R&Barekin irekiko du urte berria

Erredakzioa 2020ko abe. 24a, 09:00
Anaut taldea 2013an sortu zen, Madrilgo eszena eferbeszentean. / VITAL FUNDAZIOA

Urtarrilaren 9an, soul eta R&B musikazaleen gogoa piztuko du Midnight Boogie Weekend jaialdiaren 4. edizioak. The Prototype eta Anaut taldeen kontzertuak izango dira Hell Dorado aretoan, eta haurrentzako tailerrak Creative Soul eskolan.

Midnight Boogie Weekend soul eta rhythm & blues jaialdiaren laugarren edizioan, aurrekoetan ez bezala, programazio guztia jardunaldi bakarrean bilduko da. Urtarrilaren 9an, larunbatean, Valentziako The Prototype taldea igoko da oholtzara eguerdian, eta arratsaldean Anaut madrildarren txanda izango da.

Kontzertuez gain, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako musika hastapen eta sorkuntza tailerra ere egingo da Creative Soul musika eskolan.

Sarrerak salgai daude dagoeneko Hell Dorado aretoaren webgunean, eta haurrentzako saioetarako izen-emateak doan egin daitezke Vital Fundazioaren webgunean. Izan ere, Vital Fundazioak eta Helldorado Kultur Elkarteak antolatu dute jaialdiaren aurtengo edizioa.

Kontzertu bietan, sarreren prezioak pertsonako dira, baina salmenta taldeka egingo da, bi, hiru, lau edo bost pertsonako mahaietan. Izan ere, kontzertu bakoitzaren edukiera 58 pertsonakoa izango da. Kontzertuetan eta tailerretan segurtasuna bermatzeko Covid-19 protokoloak egongo dira.

The Prototype

Bermutaren ordurako, 13:30ean, Valentziako The Prototype taldea igoko da oholtzara. Sergio Albentosak (organoa), Miquel Casanyk (gitarra) eta Felipe Cucciardik (bateria) osatutako organo-hirukotea da. 50, 60 eta 70eko hamarkadetako Hammond Jazz organo-hirukotearen tradizioan inspiratuta, hainbat influentzia izan dituzte, Jimmy Smith, Lonnie Smith, Jimmy McGriff edo Jack McDuffenetik hasita; baita gaur egungo musikariak ere, esaterako, Joey de Francesco edo Larry Goldings.

Arreta berezia jarri diote Lou Bennetten herentzia musikalari, bere eragina bertatik bertara ezagutzen baitute. Izan ere, hirukotearen errepertorioa, batez ere, Lou Bennetten obran oinarritua dago; zehazki, Miles Davisen bateria Kenny Clarkekin, eta René Thomas edo Jimmy Gourley gitarrista mitikoekin osatutako bere talde batean.

Sarrerek 17 euroko prezioa izango dute.

 

Anaut

17:30ean, Anaut taldearen txanda izango da. 2013an Madrilgo eszena eferbeszentean sortu zenetik, Anaut handituz joan da, eta musika amerikarraren belaunaldi berriko talde nagusietako bat bihurtu da, kazetaritza espezializatuak lagunduta, kritika eta aintzatespen onen bitartez.

Anaut taldeko kideak Alberto Palacios Anaut (gitarra eta ahotsa), Gabriel Casanova (teklak) eta Javier Skunk (bateria eta koruak) dira. Jaialdiari esker, Gasteizera itzuliko dira, euren adopziozko hirira; izan ere, Hell Dorado aretoak disko bakoitzarekin hazten ikusi ditu. Taldeak bere hiru LPetako lanak birpasatuko ditu, eta hurrengo diskoaren piezaren bat ere eskainiko du. Azken bi urteak eman dituzte disko hori prestatzen, eta Arabako hiriburuan estreinatuko dute.

Kontzertuaren sarrerak 20 eurotan daude salgai.

 

Umeentzako tailerrak

Gainera, haurrentzako prestakuntza tailerrak ere izango dira Midnight Boogie Weekend jaialdian. Zehazki, 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako bi tailer egingo dira, musikan hasteko eta abesti bat sortzeko.

Urtarrilaren 9an, larunbatean, Creative Soul musika eskolan espezializatutako langileek emango dituzte tailerrak; Pablo Uranga margolariaren kaleko 22. zenbakian. Lehenengoa 10:30etik 11:30era izango da, eta bigarrena 12:00etatik 13:00etara. Gehienez 20 partaide izango dira talde bakoitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide