Mari Domingik eta Olentzerok Gabonetako mezua helarazi diete umeei

Erredakzioa 2020ko abenduaren 22a

Urte berezi honetan, Mari Domingi eta Olentzero ez dira faltako Gasteizko haurrekin duten hitzordura. Sutondorako ikatza, egunak luzatzeko argia eta oparitxoren bat ere ekarriko dute abenduaren 24ko gauean. Zorion mezu bat utzi dute umeentzat.

Pandemia gorabehera, Mari Domingi eta Olentzero arabar etxeetara joango dira aurten ere, opariak eramatera. Gainera, bidean bideo bat grabatu dute, umeei Eguberrietako zorion-agurra eta besarkada handi bat helarazteko. Bertan azaldu dutenez, abenduaren 24ko gauean ez dute huts egingo, eta hiriko txikienek opariak jasoko dituzte.

Desfilerik izango ez duten ezohiko Gabon hauetarako, Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak sustatuko dituen ekintzen artean, abenduaren 23an eta 24an, umeak Mari Domingi eta Olentzerorekin elkartu ahal izango dira Mendizorrotzeko kiroldegian, Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi ikuskizunari esker.

Sarrerak dagoeneko agortu diren arren, ostegunean, abenduaren 24an, ikuskizuna streaming bidez jarraitu ahal izango da Udalaren webgunean, 18:00etatik aurrera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago