Koronabirusa

Udalak antolatutako afari bat 21:00ak baino beranduago amaitu zela salatu dute

Erredakzioa 2020ko abe. 21a, 17:11

APCEren XVII. Kongresua, Europa Jauregian. / Argazkia: @iaberasturi1

Europa Jauregian antolatutako kongresu bateko afaria 21:00ak baino beranduago amaitu zela salatu du EH Bilduk, eta azalpenak eskatu dizkio Maider Etxebarria (PSE) zinegotziari, "Covid-19aren aurkako neurriak urratzeagatik".

Joan den astean, abenduaren 16an, 17an eta 18an, Espainiako Kongresu Jauregien Elkartearen (APCE) XVII. Kongresua ospatu da Gasteizko Europa Jauregian. EH Bilduk astelehen honetan jakitera eman duenez, kongresuaren barruan abenduaren 16an antolatutako ekitaldiak ez zuen Covid-19aren aurkako araudia bete.

Izan ere, jakin denez, iragan asteazkeneko jardunaldiaren barruko afaria 21:00ak pasata amaitu zen. "Ostalaritzaren sektoreari araudia zorrotz betetzea eskatzen dioten bitartean, Maider Etxeberriaren sailak kongresu bat antolatu du, eta afaltzera bertaratutakoak 21:00ak pasata atera ziren ekitalditik. Araudi bat al dago herritar guztientzat eta aparteko beste bat Etxebarriaren saileko ekitaldietarako?", kritikatu du EH Bilduko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik.

Kongresuaren egitarau publikoak abenduaren 16rako "ongietorri-koktel" bat jasotzen zuen. Hala ere, EH Bilduk azaldu duenez, egun horretan bertan, ekimenari buruzko informazio publikoa ezabatu zen. "Gauza bera gertatu zen ostegunerako programatutako 'gala-afaria' eta 'APCE sarien banaketa' izeneko ekitaldiekin. Baina programatik bakarrik baino ez zen ezabatu; afaria, azkenean, antolatu baitzen", salatu dute.

Araudiaren urraketa

Eusko Jaurlaritzak ezarritako araudiaren arabera, honako hau ezartzen du abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuak: "Azoka jarduerari lotutako ostalaritza zein jatetxe jarduerari dagokionez, eranskin honetako 9. puntuan ezarritako mugak eta baldintzak beteko dira". 9. puntuak zera dio: "Ostalaritza eta jatetxe establezimenduak gehienez 20:00etan itxi beharko dira, bezeroen hustea barne; eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat."

Urraketa hori dela eta, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Maider Etxebarria Ekonomia Sustapenerako zinegotziari, "Gasteizko Udalak antolatu eta udal instalazioetan egindako kongresu batean Dekretua argi eta garbi ez betetzeagatik".

Take away moduko afaria

Piztutako polemikaren harira, Gasteizko Udalak argudiatu du "take away moduko afari bat" izan zela, "segurtasun protokolo guztiak errespetatuz". Gainera, Etxebarriak "gauzak bere onetik ateratzea" egotzi dio EH Bilduri, SER irratian egindako adierazpenetan. Hala ere, onartu du ekitaldi horiek egin ahal izateko "ordu zehatzak" zeintzuk diren ez dakiela.

Iratxe Lopez de Aberasturik sare sozialetan erantzun dio Etxebarriari: "Araua betetzea eskatzen duenak eredu izan behar du; Gasteizen batzuek uste dute gainerako herritarren gainetik daudela". Afariaren irudiak ere elkarbanatu ditu EH Bilduko zinegotziak: "Afaria egin zen, bai, eta, gainera, take away kutxatxoekin; baina parte hartzaileek lokalaren barruan ireki eta kontsumitu egin zuten". Azaldu duenez, gainera, catering zerbitzu bat ere bazegoen, besteak beste, edariak zerbitzatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago