Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketen zazpigarren saioan, jatorriz Rifeko amazigh komunitateko hainbat lagun bildu ziren Oihaneder Euskararen Etxean.
Yetto Bendirrek laburbildu du solasaldia. Azaldu duenez, tamazight hiztunek euskararekiko sentsibilizazioa berezkoa dute, hizkuntzen parekidetasunak batzen gaituelako: "Gure hizkuntza euskara bezalakoa da"; izan ere, tamazight hizkuntza arabierarekiko hizkuntza gutxitua baita, historikoki zapaldua. Zentzu horretan, euskara eskolan, liburuetan edota hedabideetan ikustea miresgarria zaie.
AnHitzak, hizkuntza eta aniztasuna
2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.
Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpenak bideoz jasoko dira, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.