Gasteizko Casal Catalá elkartearen bidez egindako hitzorduan, bertan bizi diren bost katalan hiztun bildu ziren Oihanederren, Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketen seigarren saioan.
Elkarteko kide Claudia Herrerosek laburbildu du solasaldia. Hirian bizi diren katalan hiztunek beraien hizkuntza eta kultura gorde eta transmititu dezaten Casaletik antolatzen dituzten ekimenen garrantziaz mintzo da, besteak beste. Euskararekiko interesa izatea normala iruditzen zaie, elkartasunagatik, "Katalunian ere antzeko egoera dagoelako hizkuntzarekin".
AnHitzak, hizkuntza eta aniztasuna
2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.
Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpenak bideoz jasoko dira, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.