Jantoki bat irekiko dute Pintore kalean

Erredakzioa 2020ko abenduaren 16a

2021ean egingo dituzte egokitzapen lanak lanbide eskola zaharrean. / Gasteizko Udala

Lanbideen lantegi-eskola zegoen lekuan jarriko dute udal jantokia.

Datorren urtean, bigarren jantoki soziala jarriko du martxan Gasteizko Udalak; lanbideen lantegi-eskola zegoen lekuan izango da, Pintore kalean, eta bertan jarriko dira halaber Gizarteratu programako lantegiak, gizarte zerbitzuek arreta ematen dieten pertsonen gizarteratze eta laneratzea helburu duten tailerrak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak 2021erako aurrekontu-proiektua aurkeztean iragarri du egitasmo berri hori; aurrekontua 43.460.000 eurokoa da, aurtengoa baino %0,7 gehiago. Zinegotziaren hitzetan, orain erabilerarik ez duen instalazioa "lantegi sozial handi bat izango da"; 200.000 euro bideratuko dira eraikina egokitzera.

Proiektu berriak bi jarduera-ildo izango ditu. Batetik, udalaren jantoki sozial berria irekiko dute, Arkupeetako jantokiaren ereduari jarraiki. Han erabiltzaileen jarraipena egingo da, eta atsedenerako gune bat ere izango dute, interneterako konexioarekin, kontsultak eta tramiteak egiteko, prestazioak eta baliabideak kudeatzeko, etab. Eraikin berean gizarteratzea eta laneratzea helburu duten Gizarteratu lantegiak jarriko dituzte, orain Bidelan udal aretoetan daudenak. "Espazio berean bi proiektuak batzeak iraunkortasuna emango die bi zerbitzuei, erabilerak normalizatu eta osagarri egingo ditu, eta pertsonen arteko sinergia interesgarriak sortzea ahalbidetuko. Inklusiorako oso proiektu polita da, merezi izango duena", azaldu du Jon Armentiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago