Judimendiko gazteek auzoko aisialdia eraldatzeko dinamika aurkeztu dute

Erredakzioa 2020ko abenduaren 16a

Judimendiko Gazte Asanbladak Egin dezagun gure(a) aisia dinamika berria aurkeztu berri du, auzoko gazteen aisia "kolokan" jarri eta aisialdi eskaintza alternatibo bat aurrera eramateko.

Judimendiko gazteen egoeraren azterketa bat egin ostean, ikusitakoaz hausnartu eta auzoan dagoen aisialdi ereduari erreparatuko dion dinamika bat martxan jartzea erabaki dute.

Covid-19ak azaleratu duen "aisialdi eredu indibidualista eta kontsumitzaileari" kritika bat egin eta aternatibak eskaintzea izango da Judimendiko Gazte Asanbladaren helburu nagusia.

"Gazteok jakitun gara auzoko espazio publikoak gure aisialdirako eskaini zezakeenaz, baina, horren ordez, erabilera pribatura bideratuta dago", deitoratu dute. Auzoko plazak "terrazez gainezka" daudela eta, bitartean, bestelako eskaintzak egiteko aukerak "guztiz mugatzen direla" deritzote. Gainera, tabernez gain espazio publiko zein pribatuak erabiltzeko ordaindu behar dela salatu dute, "gazteon egoera prekarioa eta langabezia areagotu den honetan". 

"Horien adibide dira gimnasioak, edertasun kanonak indartu eta ekintza indibiduala sustatzea helburu duten espazioak; sistema honek, gainera, ez digu gure aisialdiaren inguruko hausnarketarako eta sorkuntzarako espaziorik eskaintzen, eta, aukerarik izatekotan, erantzuna beti da gazteon aurkako kontrol soziala eta kriminalizazioa", salatu dute.

Judimendiko Gazte Asanbladak urte luzez egin du lan kontsumoaren problematika azaleratu nahian, baina pandemiak "arazoa larriagotu" egin duela deitoratu dute, "gazteoi beste alternatiba gabe utziz".

Aisialdia eraldatzeko dinamika

Azken asteetan, moskeo kanpaina bat aurrera eraman dute auzoan, aipatutako problematika "azaleratu eta gazteak hausnarketa bideratzeko" asmoz. Auzoko kaleetan hainbat galdera izan dira ikusgai: "Gai zara kontsumitu gabe ondo pasatzeko? Oraingo egoeran ez dakizu zer egin zure denbora librean? Gazte, zure aisialdian zer?", besteak beste.

Galdera horiek eta beste hainbat dira zalantzan jarri nahi dituztenak: "Helburua hori bera da, gure aisia kolokan jartzea", azaldu dute, "gazteon artean behar eta nahi dugunaz hausnartu eta, behingoz, gurea dena bereganatzeko ekintza alternatiboak martxan jartzea".

Egoera horren aurrean, "egoeraren hausnarketa bultzatu eta aisialdi eskaintza erreal bat aurrera eramatea" bilatuko dute dinamika berriarekin. "Indibidualismotik komunitatea indartuko duen ekintzara, ordainpeko eskaintzatik doako eskaintzara, eta kontsumotik at egongo den aisialdi alternatibora. Gurea dena bereganatzera goaz; gurea aisia delako, gure aisia eraldatzera goaz", azaldu dute.

Gainera, dinamikaren nondik norakoak azaltzeko bideo bat plazaratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago