AnHitzak 2020

"Edozein herrialdetan zaudela, hango hizkuntza hitz egiten saiatu behar duzu"

Erredakzioa 2020ko abe. 14a, 13:48

Azaroaren 7an, pular hizkuntza izan zen AnHitzak topaketen bosgarren saioaren ardatza. Gineako Errepublikako fula herriarekin lotutako komunitate gasteiztarrak bere hizkuntzari eusten dio, euskara ikastearekin batera.

Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketen bosgarren saioa azaroaren 7an izan zen, Oihaneder Euskararen Etxean. Anhitzak 2020 topaketek topo egin zuten Konakry Gineako jatorria duen gasteiztar pular hizkuntz-komunitatearekin, Haaly Pular elkartearen eskutik. Pular hizkuntza Konakry Gineako fula herriarekin lotzen da. 

Segurtasun neurri guztiak bermatuz, sei lagun elkartu ziren Oihanederren, gazteak: lau mutil eta bi neska, beren jatorriarekin oso kontzientziatuak, eta euskararekin oso interesatuak.

Malal, Denabou eta Mariamak laburbildu dute saioa. Azaldu dutenez, Gasteizera iritsi zirenetik, beren kultura konpartitzen dute bertokoekin, antolatzen dituzten ekimen eta ospakizunen bitartez. "Gure artean gure hizkuntzan hitz egiteak garrantzi handia du, batez ere gure seme-alabei pularrez egitea", azpimarratu dute.

Euskara ezagutzea "oso garrantzitsua" dela azaldu du Mariamak, besteak beste, euren umeek euskaraz ikasten dutelako: "Edozein herrialdetan zaudela, hango hizkuntza hitz egiten saiatu behar duzu". Izan ere, helduen artean ere ez dira falta euskalduntze prozesuan daudenak.

AnHitzak, hizkuntza eta aniztasuna

2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.

Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpenak bideoz jasoko dira, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago