Aurrekontu "sozial, parte hartzaile eta burujabeak" aldarrikatu dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2020ko abe. 14a, 08:40

Besteak beste, ostalariek ere bat egin zuten igandeko mobilizazioarekin. / @EskubideenKarta

Milaka pertsona bildu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Gasteizen, Bilbon eta Donostian deitutako mobilizazioetan. Eusko Jaurlaritzari aurrekontu "sozial, parte hartzaile eta burujabeak" eskatu dizkiote.

Eskubide Sozialen Kartaren aburuz, osasun krisiak "argi eta garbi utzi du lehendik zetorren sistemak ez duela funtzionatzen". Zentzu horretan, "estrukturala eta askotarikoa zen krisia bizkortu" egin dela deritzote: zaintza krisia, lan harremanen krisia, garapen ereduaren krisia, babes sozialaren krisia...

Horregatik, normalitate berrirako "herritar guztion eskubideak bermatuko dituen eredu berri bat" aldarrikatu dute milaka lagunek EAEko hiriburuetan antolatutako mobilizazioetan. "Herritarron bizitza eta beharrak erdigunean jartzeko" asmoz, lehentasunezko zazpi aldarrikapen mahai gainean jarri dituzte Eskubide Sozialen Karta osatzen duten gehiengo sindikalak eta eragile sozialek:

  1. Zerga erreforma, "krisia kapitalak ordain dezan".
  2. Zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publiko bihurtu.
  3. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
  4. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea.
  5. Gutxienez, 1.080 euroko pentsioak.
  6. 1.200 eurotako gutxieneko soldata, eta gehienez 35 ordutako lan astea.
  7. Pertsona guztien erregularizazioa.

Euren ustez, "urgentea" da EAE zein Nafarroako aurrekontuek lehentasun horiek bermatzeko diru partida zehatzak, prozesuak edota errekurtsoak aurreikustea.

Etxebizitza eskubidearen aldeko pankarta, igandeko mobilizazioan. / @EskubideenKarta

 

Aurrekontu proiektua

Eusko Jaurlaritzak abenduaren 17an bidaliko du aurrekontu proiektua Legebiltzarrera, eta orduan "balorazio zehatzak" egingo dituela iragarri du Eskubide Sozialen Kartak. "Orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ordea, ez dugu inongo borondaterik atzeman aurrekontuetan neurri sozialak bermatzeko dotazioak handitzeko", deitoratu dute.

2021eko aurrekontuak 2020koen "oso antzekoak" izango direla uste dute: "Zoritxarrez, aurrekontu hauek ez diote erantzungo herritarrontzat lehentasunezkoak diren beharrei: ez dituzte zerbitzu publikoak garatuko, ez dute babes soziala indartuko, ez dute kalitatezko enplegua bermatuko eta ez dute zaintza sistema publiko baterako urratsik emango".

"Elite politiko eta patronalaren artean erabakitzen ari dira datozen urteetako aurrekontu eta zerga politiken norabidea. Eta garbi dago egin duten hautua. Etekinak dituzten enpresek zerga gehiago ordaintzeko tarte handia dago, aberastasun hori jendartearen zerbitzura jarriz; borondate politikoa da falta dena", kritikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide