Kandela bat, euro bat

Elkartasuna piztu nahi dute Ramon Bajon, eskolaz kanpoko jarduerak finantzatzeko

Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 16:24
Ramon Bajo ikastetxea, Alde Zaharreko Eskola kalean. / ALEA

Kandela bat, euro bat izenburupean eta abenduaren 31 baino lehen 1.000 euro lortzeko asmoz, elkartasun kanpaina bat abiatu dute Ramon Bajo eskolako gurasoek, ikasle guztiek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Historikoki, bertako hezkuntza komunitatearekin lotura estua du Gasteizko Alde Zaharrean kokatutako Ramon Bajo eskolak. Izan ere, komunitateak modu aktiboan parte hartu ohi du eskolan zein auzoan bertan egiten diren ekimenetan.

Adibidez, eskolaz kanpoko jardueretan ikasle guztiek parte hartu ahal izateko helburuarekin, Basartea Guraso Elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu urtero, jarduera horiek finantzatzeko.

Helburu horrekin, Ramon Bajoko familiak kalera atera ohi dira Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak urtero antolatzen duen Kandelen Gaua izeneko ekimenean. Aurten, ordea, ez dago argi ospatu ahal izango ote den, eta, beraz, zalantzan dago familiek, urtero legez, eskolako egutegia saldu eta txokolate beroa eskaintzera joango ote diren.

Hortaz, ikastetxeko komunitateak online kanpaina bat abiarazi du Kandela bat, euro bat izenburupean. Horren bitartez, abenduaren 31 baino lehen 1.000 euro lortzeko erronka proposatu dute: "Laguntza ekonomikoa behar dugu eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen jarraitzeko, eta eskolako ikasle guztiek horietan parte hartzeko aukera izan dezaten", diote Basartea guraso elkarteko kideek.

Kandela bat, euro bat

Erronka galdera batetik abiatzen da: "Zenbat kandela piztu ditzakezu pospolo bakarra erabilita?". Kanpainan parte hartzeko, pospolo bakar batekin ahalik eta kandela gehien pizten saiatzeko erronka bota dute familiek. Saiakera bideoan grabatu eta sare sozialetan #AktibitateakGuztiontzat traola erabiliz partekatu daiteke; ondoren, norberaren kontaktuei erronka botatzera animatu dute.

Bakoitzak pizten duen kandela bakoitzeko euro bateko donazioa egitea eskatu du guraso elkarteak, Mi Grano de Arena crowdfunding plataformaren bitartez.

Gainera, 20 eurotik gorako donazioak egiten dituzten lagunek 2021eko egutegi "berezi" bat jasoko dute, "aurtengo urtea ere berezia izan baita". Egutegian eskolako hezkuntza komunitate osoak hartu du parte: irakasleek, eskolako langileek, ikasleek eta familiek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide