Arabarron memoria

Alternatibak borroka antifrankista eta faxismoaren gorakada aztertuko ditu Gasteizen

Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 15:41
Iñaki Martin, Julia Monge eta Oskar Matute izango dira Artium museoan. / ALTERNATIBA

Datorren ostegunean, hilaren 10ean, Iraganeko memoria egungo faxismoaren kontra izenburuko hitzaldia antolatu du Alternatibak, Artium museoan. Iñaki Martin eta Julia Monge borrokalari antifrankistekin izango da Oskar Matute.

"Faxismoaren gorakada berriro ematen ari den honetan, frankismoari aurre egin zioten hainbat kiderekin solasteko" helburuarekin, iraganean diktadurari aurre egin zioten bi lagunek hartuko dute parte abenduaren 10ean, ostegunean, 18:30etik aurrera Artium museoko auditorioan Alternatibak antolatutako hitzaldian.

Horretarako, Iñaki Martin eta Julia Monge izango dira solasaldian. Martin militante antifrankista historikoa da, eta Monge feminista eta Intxorta 1937 elkarte memorialistako kidea; biak borroka politikoan ari dira gaur egun ere. Beraiekin batera Oskar Matute izango da, EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan eta Alternatibako bozeramailea: "Faxismoaren adierazpen berria ondo ezagutzen du", azpimarratu dute antolatzaileek.

Hitzaldia irekia eta sarrera librekoa da, edukiera bete arte; Covid-19ren aurkako neurriengatik, segurtasun distantzia bermatzeko edukiera mugatua izango da. Beraz, izena ematea beharrezkoa da, prentsa@alternatiba.net helbide elektronikora idatziz. Gainera, segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte sarreran maskara jantzita eta eskuak garbitzen direla ziurtatuko da, eta tenperatura hartuko da.

Hala ere, bertaratu ezin direnek hitzaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Alternatibaren YouTube zein Facebook kanaletan.

Hiru antifaxistaren ahotsak

Iñaki Martin militante antifaxista eta errepresaliatuaren eskutik, irakurketa historikoa egingo dute, erregimenean aktibismo antifaxistak zertan zetzan ikusarazteko, eta baita 78ko amnistiak eta trantsizioak ekarritakoa ere: "Giza eskubideen urraketa sistematikoak goizetik gauera desagerrarazi nahi izan zituztenean, diktaduraren babesle sutsuenak demokrata bihurtu ziren".

Bestalde, Julia Monge feminista eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kidearen eskutik, "isiltasun urte luzeak" igaro ostean talde memorialistek abiatutako ekimenetaz hitz egingo dute, hala nola frankismoaren krimenen aurkako kereila argentinarra. Gainera, frankismoaren aurkako borrokan eta memoria berreskuratzeko lanean emakumeek izan duten "rol estrategikoa" ikusaraziko du Mongek.

Amaitzeko, Oskar Matutek egungo testuingurua aztertuko du, eskuin muturrak eta Francoren diktadurak gaur egun dituen "herentzietan" sakonduz; "baita horiei aurre egiteko ditugun tresnetan ere; eta etorkizunean faxismo arrazista, matxista, klasista, homofobo eta heteropatriarkal horri bidea ixteko jorratu beharko dugun testuingurua ere", azaldu dute Alternatibako kideek, ohar bidez.

Solasaldia gidatzeko ardura Toni Ramos Alternatibako kide eta militante antifaxistak hartuko du. "Zalantzarik gabe, aukera ona izango da ikuspegi zabal batetik borroka antifaxistaren bilakaeraren berri izateko, iraganeko akatsak berriro errepikatu ez ditzagun", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide