Melophilia, Memphis eta Maverick Keys, Gazte Talent lehiaketako bandarik onenak

Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 13:28

Gazte Talent musika lehiaketaren finalak ospatu dira asteburu honetan, Jimmy Jazz aretoan. Melophilia, Memphis eta Maverick Keys taldeek Laboral Kutxa, Gazte Talent eta Accesita sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Ezohiko edizioa izan da 2020koa Gazte Talent musika bakarlari eta talde gazteen lehiaketarentzat. Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen du, eta, aurten ere, pandemiari aurre eginez aurrera eraman du, Gauekoak elkartearen, Arabako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Araba Euskarazen laguntzarekin.

Negra Cucaracha, Melophilia, Stupid Gallos, Maverick Keys, Memphis eta X taldeak Jimmy Jazz aretoaren oholtza gainean aritu dira abenduaren 3an eta 4an antolatutako finaletan. Adinaren arabera, bi kategoria daude, eta, hasieran hamar talde izatea aurreikusita zegoen arren, osasun egoeragatik eta indarrean dauden neurri murriztaileengatik, kategoria bakoitzeko hiru finalista baino ez dira izan.

Azkenik, ostiralean, Memphis rock taldeak irabazi du 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzako Gazte Talent sariaren finala. Larunbatean, berriz, Melophilia rap taldeak eraman du 25 eta 35 urte bitartekoentzako Gazte Talent Laboral Kutxa saria.

 

Maverick Keys, emakumez osatutako talderik onena

Azkenik, emakumeak tartean dituen talde onenaren Accesita saria Maverick Keys taldeak irabazi du. 500 euroko zuzkidura eraman du sari moduan, eta Gasteizko Udalak Andra Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera izango du, Falerina Lorategian. Sari hori lehiaketako bi kategorietako parte hartzaile guztien artean aukeratu da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide