Ospakizuna eta hausnarketa Baratza Aretoaren zazpigarren urtemugan

Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 11:15
Amaia Bono eta Damian Montesdeocaren 'Momentum' antzezlana. / BARATZA ARETOA

Baratza Aretoak bere zazpigarren urteurrena ospatuko du abenduaren 11n eta 12an, Hanut Munson, Amaia Bono & Damian Montesdeoca, eta sorkuntza eszeniko tailerrean parte hartu duten pertsonen eskutik.

Dagoeneko salgai daude abenduaren 11n eta 12an 19:00etan hasiko diren ikuskizunetarako sarrerak. Izan ere, Baratza Aretoak zazpi urte bete ditu, eta ezohiko egoera batean bada ere, ez diote ospakizunari uko egin.

Urtebetetzea dela eta, aretoko arduradunek gutun bat idatzi dute, iraganari zein etorkizunari begira, proiektua eta haren ekosistemaren balioa nabarmenduz. Besteak beste, "horizontala, alternatiboa eta kalitatezkoa den kultur eredu bat bultzatzen jarraitzeko" asmoa adierazi dute aurrera begira.

Gutunean azaldu dutenez, "hilabete arraro hauetan" Baratza Aretoak ez du etenik izan proposamenak eta era guztietako jarduerak jaso eta eskaintzeko. Halaber, datozen urteetan Gasteizko Aldabe plazan jarraitzeko asmoa berretsi dute: "Gure leku xumetik, gure ahaleginaren erdigunean komuna jarri nahi dugu; arteak eta kulturak etorkizuna duen gizarte batean funtsezko ardatz izan behar direla uste dugu".

Programazioa

Covid-19aren hedatzea saihesteko eta ikusleen, sortzaileen eta lantaldearen segurtasuna bermatzeko neurri bereziak hartu dituzte, protokolo baten bitartez: edukiera mugatua izango da, maskara derrigorrez erabili beharko da, sarreran tenperatura hartuko da, sarrera eta irteera modu mailakatuan egingo da, ezingo da sarrerako hallean itxaron, eta harremanetarako datuak bete beharko dira, gerora arakatu behar izanez gero erabiltzeko. Gainera, espazio komunen desinfekzioa eta garbiketa indartuko dute.

Ospakizunaren programazioari begira, hiru proposamen eszeniko izango dira oholtza gainean, ostiralean eta larunbatean:

Hanut Munson, musika eta bisualak

Abenduak 11, ostirala, 19:00etan

Asier Rodriguezek gitarra, elektronika eta samplerrak eta Alvaro Larroryk bateria eta perkusioa osatutako musika proiektua da Hanut Munson. Musika elektronikoa bere kontzepturik zabalenean abiapuntutzat hartuta, Asierrek hainbat goitizenekin Hanut Munson, Happolati, Dr. Crow, I presume garatzen duen obra musikal zabal eta eklektikoaren zati bat egokituko du bikoteak zuzenean, etenik gabeko ikuskizun batean, non Ibon Saenz de Olazagoitia ISDEOren bisualak eta musika protagonista bakarrak izango diren.

'Munduaren hasierako jaia', sorkuntza eszeniko tailerraren erakusketa

Abenduak 12, larunbata, 19:00etatik aurrera

Hasieratik, Baratza Aretoan egoiliar Parasite konpainiak Sormen Eszeniko Lantegia zuzentzen du; bertan, sormen prozesuetan lanean dauden artista emergenteak laguntzen ditu, eta horietariko asko konpainia beraren ekoizpenetan murgiltzen ditu. Aurten, lantaldeak hasiera bat aurkeztuko du, Munduaren Hasierako Jaia izeneko eremu kolektibo batean landatuko den hazi bat, hainbat identitate azaleratuko dituen iruditeria komun bat, non parte hartzaileen interes sortzaileak ikusi ahal izango ditugun.

'Momentum' antzezlana, Amaia Bono & Damian Montesdeoca

Abenduak 12, larunbata, 19:00etatik aurrera

1600. urte inguruan, erlojuak burgesiaren etxeetan sartzen hasi ziren. Pixkanaka, pertsonen buruan nagusituz joan zen ordu batek 60 minutu dituela, eta minutu batek 60 segundo. Ezinbestekoa zen ideia hori finkatzea, mendeen buruan "fabrikaren garaia"nagusitu zedin. Horri buruzko gogoeta egiten du Amaia Bono eta Damian Montesdeoca bikote artistikoak taularatuko duen Momentum antzezlanak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide