Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketen laugarren saioa urriaren 31ko arratsaldean izan zen, Ibaiondo gizarte etxean. Gasteiz-Rodina bulgariar kultur elkartearen eskutik, Anhitzak Bulgariako hizkuntzara hurbildu zen.
20 gasteiztar elkartu ziren hizkuntza aniztasuna eta euskararen bueltan bulgarieraz gogoetatzeko. Bost emakume batetik, 15 ume bestetik. Elkarteak bultzaturik, larunbat arratsaldeetan, umeei bulgariar hizkuntza, geografia eta historia eskolak ematen dizkiete. Horrez gain, kantak eta dantzak ere ikasten dituzte, adin ezberdinetako umeek elkarrekin.
Emiliya Velichcovak laburbildu du topaketen laugarren saioa, eta, azaldu duenez, 300 bulgariar inguru daude Gasteizen. Bulgarieraren egoera ona dela uste du Velichcovak, eta horretaz "harro" daudela dio, hizkuntza, kultura eta tradizio bulgariarrak gordetzen dituztelako. Nahiz eta hirian bulgariar guztien artean elkar ez ezagutu arren, bulgarieraz solasten direla azaldu du Emiliyak.
"Ezin gara izan gure sustrairik gabe", aldarrikatu dute Gasteiz-Rodina elkarteko kideek. Horregatik, euren seme-alabei hizkuntza transmititzen jarraitzea erabaki dute, "edozein lekutan daudela ere". Gainera, "euskara ikastea garrantzitsua dela" uste dute, "lurralde honen aberastasuna delako eta ona delako bizi zaren lurraldeko hizkuntza errespetatzea"
AnHitzak, hizkuntza eta aniztasuna
2016an, lehen aldiz, AnHitzak Gasteizko Hizkuntza Aniztasunaren Topaketak antolatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Aurtengo edizioan, osasun egoerak baldintzatuta eta segurtasun neurri bereziak tarteko, taldez talde ari dira garatzen.
Oraingoan ere, Gasteizko hizkuntza aniztasunaz, transmisioaz eta euskararekiko harremanez solasean ibili dira. Hurrengo asteotan, Euskaltzaleen Topaguneak eta Gasteizko Udalak topaketak publikoki aurkeztuko dituzte. Gainera, ALEArekin lankidetzan, saio guztien laburpenak bideoz jasoko dira, eta astean behin horietako baten berri izango duzue.