Abenduak 3 izango ditu ostegun honetan, eta, Euskararen Egunaren harira, Judimendiko eragileek bat egin dute, data berezi horretan hainbat ekintza antolatzeko; besteak beste, Judimendiko Gazte Asanblada, Sumendi Espazioa, auzoko aisialdi taldeak, kale hezitzaileak, Judimendikoak Auzo Elkartea eta auzoko AEK elkarlanean arituko dira ostegun eta ostiraleko arratsaldeetan.
Judimendin euskaraz, auzoa euska(ha)ldundu lelopean, Judimendin euskara lau haizeetara zabaltzeko konpromisoa berretsi dute auzoko eragileek.
Lehenik eta behin, abenduaren 3an, Euskararen Eguna bera ospatzeko, Korrika "sinboliko" bat egingo dute auzotik. Izan ere, pandemiak eragindako egoera dela eta, 2021ean ez da ohiko Korrikarik egingo; hortaz, keinu gisa antolatu dute ekimen alternatibo hori. Osteguneko 17.00etan elkartuko dira Sefarad plazan, peto tailer batean pertsona bakoitzak bere petoa atontzeko; ondoren, bertatik abiatuko da Korrika 18.00etan.
Bestalde, abenduaren 4an, ostiralean, txikientzako magia saio bat eskainiko dute Aranako gizarte etxean.
Azaldu dutenez, segurtasun neurriak uneoro bermatuko dira: derrigorrezkoa izango da maskara eramatea eta 1,5 metroko distantzia mantentzea.